2008/02/11
Polizia Nazionalak operazio handia egin du goizaldean Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Kordoban. Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak Batasuneko 14 kide atxilotzeko agindu du. Epailearen aburuz, atxilotuak Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak edota alderdiaren zuzendaritza ordezkatzeko prest zeuden pertsonak dira.
Atxilotuen zerrenda
Ondokoa da Batasuneko Mahai Nazionalarekin lotura dutelakoan goizaldean atxilotutakoen zerrenda: Karmelo Landa, Sonia Jacinto, Jesus Maria Agirre Arrobare, Aitor Aranzabal, Mikel Etxaburu, Eusebio Lasa Altuna, Peio Xabier Galvez, Mikel Garaiondo, Ioseba Zinkunegi, Josetxo Ibazeta, Iñigo Valdakalonge, Jose Manuel Jurado eta Karmele Aierbe. 14. pertsona bat, Nuria Alzugarai, Kordoban atxilotu dute, Askatasunaren arabera, preso bat bisitatzera joan eta gero.
Karmelo Landa eta Mikel Etxaburu Bilboko Alde Zaharrean atxilotu dituzte. Agenteek euren etxeak miatu dituzte. Landaren kasuan, Poliziak lau ordu inguru izan dira bere etxean eta ondoren, eskuburdinak jarrita atera dute atxilotuta. Gutxienez, hiru kutxa eta ordenagailu bi atera dituzte bertatik.
Pixka bat lehenago atxilotu dute Etxaburu, hau ere Alde Zaharrean, Somera kalean, hain zuzen.
Bestalde, EiTBk jakin duenez, Polizia Nazionalak hainbat miaketa egin ditu herri ugaritan, besteak beste, Elorrion.
Betse hainbat agente ANVk Barakaldon eta Iruñan dituen egoitzetara joan dira miaketak egitera. Beste batzuk Donostian EHAK-k dituen hiru egoitzak eta Oiartzunekoa miatu dituzte. Zenbait dokumentu konfiskatu ostean, egoitzak itxita geratu dira.
Akusazioak
Iturri juridikoek jakinarazi dutenez, "erakunde armatuko kide izatea edo laguntza ematea eta zilegi ez den elkarteko kide izatea" leporatu die Garzonek atxilotuei.
Urriaren 4an abiatutako sumarioaren barruan
Epailea bera Donostiara joan da goizaldean bi fiskalekin eta bere auzitegiko hamar funtzionariorekin batera. Iragan urriaren 4an Segurako operazioarekin abiatutako sumarioaren barruan burutu dute, antza, operazio hau.
Garzonen arabera, atxilotuetako batzuk Batasuneko mahaikideak dira eta beste batzuk, une desberdinetan atxilotu dituzten Mahai Nazionaleko kideak ordezkatzeko prest zeuden.
Gaur bertan Madrilera
13 atxilotuak gaur bertan eramango dituzte Madrilera, Poliziaren egoitzara. Datorren asteazkeneraino ez dute deklaratuko, ziurrenik, Auzitegi Nazionalean.
Mikel Etxaburu eta Karmelo Landa igande honetan agertu dira azkenekoz ekitaldi publiko batean. Biek prentsaurrekoa eskaini dute, ezker abertzalearen beste hainbat buruzagirekin batera, ostegunerako greba deialdia iragartzeko "jazarpen juridiko, politiko eta polizialaren aurka".
Euskadi Irratiko azken albistegia