2008/02/10
Mikel Etxaburuk eta Karmele Aierbek (Batasuna) azaldu dutenez, "errepresio politiko, judizial eta polizialaren kontra" protesta egitea eta "marko demokratikoa eta independentzia" aldarrikatzea da helburua.
Ezker abertzaleak greba orokorra deitu du datorren ostegunerako, hilak 14, "errepresio politiko, judizial eta polizialaren kontra" protesta egiteko eta "marko demokratikoa eta independentzia" aldarrikatzeko.
Bilbon egindako prentsaurrekoan, Karmele Aierbe eta Mikel Etxaburu Batasuneko Mahai Nazionaleko kideek komunikatua irakurri dute "euskal gizarte osoari" greban parte har dezaten gonbidatuz.
"Borroka egun horretan lortzen dugun indarra izango da datorren martxoaren 9an izango dugun babesa, zeren independentziaren aldeko botoa emango baitugu hauteskundeetan", adierazi dutenez.
Deialdi honen helburua ezker abertzaleak jasan dituen "eraso amaigabeei" erantzutea da, azaldu dutenez. Besteak beste, Arnaldo Otegi eta Mahai Nazionala kartzelara bidaltzea, 18/98 makroepaiketa, Igor Porturi egindako torturak, presoen sakabanaketa eta ANV eta EHAKren kontrako neurri judizialak dira jasandako erasoak Etxaburuk eta Aierbek adierazi dutenez.
"Hori da Zapateroren Gobernuaren balantze. EAJ eta Nafarroa Bairen baimenarekin, gainera", bi bozeramaileen hitzetan. Azpimarratu dutenez, "ezinezkoa da ezker abertzalea amaitzea, borrokan jarraituko dugu eta".
Aierbek eta Etxaburuk Bilboko istiluak ere izan dituzte hizpide. Han, Ertzaintza ANVren eta EHAKren aldeko manifestazioko parte-hartzaileen aurka oldartu da.
Ertzaintzaren jarrera kritikatu dute "EAJren polizia politikoa" dela adieraziz eta "Espainiako marko konstituzionalaren defentsan" aritzen direla salatuz.
50 pertsona ingururen babesarekin eman dute prentsaurrekoa Aierbek eta Etxaburuk. Karmelo Landa eta Eusebio Lasa Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak eta Tasio Erkizia, Jose Luis Elkoro eta Periko Solabarria ezker abertzaleko historikoak izan dira bertan, besteak beste.
Euskadi Irratiko azken albistegia