Politika

ILEGALIZAZIOEN AURKAKO MARTXA

Istiluekin eta hainbat atxiloturekin amaitu da Bilboko manifestazioa

2008/02/10

Ertzaintza manifestarien aurka oldartu da, martxa galarazteko. Ondoren istiluak izan dira eta lau lagun atxilotu dituzte. Horietako bat ospitalera eraman behar izan dute.

Ertzaintzak karga bat baino gehiago egin ditu "Euskal Herriaren eskubideen ale, Stop salbuespen egoerari" lelopean, ANVren eta EHAKren ilegalizazioaren kontra protesta egiteko eguerdian Bilbon egitekoa zen manifestaziora joandakoen aurka.

Manifestariak Gran Viarantz zihoazela kargatu du Poliziak, Aita Donostiatik manifestazioari ekitea eragotzi eta gero (Garzonek debekatu egin zuen atzo manifestazioa baina hainbat hautetsik eutsi egin diote deialdiari). Istiluak ere izan dira eta hainbat zaborrontzi gurutzatu dituzte.

Manifestazio 12:00etan hastekoa zen, baina Ertzaintzak jarritako kontrol zorrotzek hasiera puntura iristea galarazi diete milaka laguni. Pertsona horiek Autonomia kalean zehar pilatu dira.

Hala, 12:20 aldera, Ertzaintzaren aurrean eserialdia egitea erabaki dute manifestazio burukoek, eta ondoren, hainbat eta hainbat lagun Gran Viarantz abiatu dira pankarta bat eskutan.

12:45 aldera liskarrak izan dira. Ertzaintzak pankarta kendu die zeramaten lagunei eta kargatu egin du. Hainbat lagunek, berriz, zaborrontziak gurutzatu dituzte.

Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu istiluetan parte hartzea leporatuta. Horietako bat ospitalera eraman behar izan dute. Ertzain bat ere zauritu da, arin.

Istiluek ordubete baino gehiago iraun dute, eta tarte horretan 11 edukiontzi erre dituzte, 315 gurutzatu, autobusak ere zeharkatu eta hainbat kutxazaini eraso diete.

"Zer egingo duzue debeku honen aurrean?"

Manifestazioari eutsi dioten hautetsiek Garzonen aginduaren aurrean zer egingo duen galdegin diote EAJri, atzo komunikabideetara bidalitako agiri batean: "Zer egingo duzue debeku honen aurrean? Beste hainbatetan egin duzuen bezala: Ertzaintza bidali euskal herritarrak kolpatzeko? Zuek ere milaka herritarren eskubideak urratuko dituzue? Herri honekin errespetuz jokatzeko deia egiten dizuegu, hala egin ezean gertatuko denaren erantzule izango baitzarete".

"Euskal Herria independentziaren atarian utzi arte" eta "Euskal Herrian esparru demokratikoa eraiki arte", "oztopo, debeku, etenaldi eta ilegalizazio guztien gainetik" lanean eta borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute agiri horretan.

Maiatzeko hauteskundeetan "milaka eta milaka euskal herritarrek" botoa eman zietela gogorarazi dute eta, horren harira, martxoan "lortuko ditugun bozak aldaketa politikoa egiteko eta independentziarako bidea hasteko erabiliko ditugu" nabarmendu dute.

"PSOE berriro ere okertuko da errepresioaren bidez koldartuko gaituela uste badu", adierazi dute hautetsi independentistek.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta