logo de eitb24
2008ko uztailak 06 | 15:03:07
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Politika

AUZITEGI NAZIONALA

EAE-ANVren eta EHAKren jarduerak hiru urtez etetea erabaki du Garzonek

2008/02/08

Horrenbestez, EAE-ANV ezingo da martxoaren 9ko hauteskundeetara aurkeztu. Epaileak 200 orrialdeko auto banatan zehaztu duenez, bi alderdion egoitzak itxita egon beharko dira denbora tarte horretan.

EAE-ANV eta EHAK alderdien jarduerak hiru urtez etetea erabaki du Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak, auto banatan gaur jakinarazi duenez. Legearen arabera, etete hori bost urteraino luza daiteke.

"EHAK eta ANV Batasunaren menpeko tresna politiko eta Batasuna-ETAren helburu terroristak bete ahal izateko Batasunaretzat bitarteko ekonomiko bihurtu dira", Garzonen arabera.

EHAK-ko eta ANVko 14 kideri (EHAK-ko 11ri eta ANVko hiruri) ondoko delituak leporatu dizkie Garzonek: ETAri laguntzea, legez kanpoko talde bateko kide izatea, diru publikoak bidegabe erabiltzea eta diru-laguntzekin iruzurra egitea.

200na orrialdeko autootan ageri denez, hiru urte horietan alderdion "egoitza, lokal eta bestelako zentroak" itxita egon beharko dira eta kontu-korronteak blokeatuta.

Hala, datozen orduetan hasiko dira neurriok betetzen: alderdien egoitzak itxi, kontu korronteak blokeatu eta euren webguneak itxi. EAE-ANVk eta EHAK-k ezingo dute manifestaziorik edo prentsaurrekorik deitu.

UCIri eta Poliziari eman die epaileak EAE-ANVren eta EHAK-ren lokalak identifikatzeko, ixteko eta zigilatzeko agindua. Diru-laguntza ekonomiko guztiak bertan behera uzteko, diru-kontuak blokeatzeko, eta lokaletako argindarra, ura, gasa eta telefonoa eteteko agindua eman du epaileak. Gainera, EAE-ANVk zein EHAK-k interneten dituzten webguneak ixteko agindu du.

Hauteskundeak

Erabaki horren ondoriorik behinena honakoa da: EAE-ANV ezingo da martxoaren 9ko hauteskundeetara aurkeztu. Nolanahi ere, Garzonek azpimarratu du alderdi abertzalea "bozetan ez egoteko espresuki hartutako neurria" ez dela. Argudiatu duenez, "jardueren etetea ez da hauteskundeei begira hartutako erabakia, baina bistakoa da arlo horretan eragin handia duela".

Datozen orduetan hasiko dira neurriak betetzen. EAE-ANVk eta EHAK-k ezingo dute manifestaziorik edo prentsaurrekorik deitu.

Ez die kargudunei eta legebiltzarkideei eragingo

Etete horrek, dena dela, ez die bi alderdien ordezkari gisa jarduten duten "kargudunei eta legebiltzarkideei eragingo" eta, beraz, bi alderdion ordezkariek udaletan eta Eusko Legebiltzarrean dituzten karguei eutsiko diete.

"Helburua ez da alderdi politiko bat legez kontrakoa jotzea (…), baizik eta alderdi politiko bat delitu larriak egiteko erabiltzea saihestea, kautelazko neurri gisa", azaldu du Garzonek autoetan.

Neurria altxa dezake

EAE-ANVren eta EHAKren jarduerak eteteko agindua altxa dezakeela adierazi du Garzonek eta ohartarazi du bi alderdi horiek Batasunari eta ETAri laguntzen ez dietela frogatzen denean gertatuko dela hori.

EHAKren, ANVren eta Batasunaren Mahai Nazional berriaren auziak batuta, 52 lagun auzipetu ditu Garzonek; 38 talde terroristako kide eta 14 laguntzaile izatea leporatuta.

Ilegalizazioaren bidea Gorenean

Bestalde, Auzitegi Goreneko 61. Salan aurrera dirau Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak alderdi biak ilegalizatzeko eta euren aurkako kautelazko neurriak hartzeko eskaeraren eztabaidak. Azkenean, demanda guztiak batean biltzea erabaki du auzitegiak. Estatuko abokatuak, gainera, EHAKren talde parlamentarioaren jarduera eteteko eskaera ere egin dio Gorenari. Fiskala neurri horren aurka azaldu da.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta