2008/02/11
Facebook sare soziala gazteleraz erabili nahi baduzu, gaurtik aurrera posible duzu. Izan ere, gaztelerazko bertsioa kaleratu dute gaur, erabiltzaileek egindako itzulpenei esker. Alemanezko eta frantsesezko bertsioak datozen asteetan egongo dira sarean.
Gutxi gorabehera, 1.500 gaztelerazko hiztunek hartu dute parte web hau itzultzeko proiektuan. Lau aste baino gutxiagotan itzuli dute ingelesezko bertsioa gaztelerara.
Facebook gazteleraz erabili nahi dutenek dagoeneko alda dezakete euren kontuko lehentasunen hizkuntza.
Gaurtik, otsailak 11, www.facebook.com web gunean gaztelerazko hiztunak dituen herrialde guztietatik sartzen den pertsona oro gaztelerazko bertsioan sartuko da.
2,8 miloi erabiltzaile baino gehiago ditu Facebookek egun Espainiako Estatuan eta Latindar Amerikan. "Facebooken erabiltzaileen %60tik gora Amerikako Estatu Batuetatik kanpokoak dira eta ingelesa lehen hizkuntza ez den herrialdeetan bizi dira", agertu du Mark Zuckerberg Facebook-en sortzaileak.
Funtzionalitate berriak, eskuragarri dauden heinean, erabiltzaile berrien esku utzi nahi dituzte itzultzeko aurrerantzean ere.
Erreminta soziala
2004ko otsailean sortu zen Facebook lagunekin, familiarekin eta lankideekin modu eraginkorragoan komunikatzea ahalbidetzen duen erreminta soziala da.
Bizitza errealeko harremanen mapa digitalaren, grafiko sozialaren, bidez informazio jarioa ahalbidetzen duen teknologia garatzen du konpainia honek.
Edonork eman dezake alta Facebooken eta bere inguruko jende ezagunarekin komunika daiteke inguru seguru batean. Miloika erabiltzaile ditu Facebookek eta horien erdiek egunero erabili ohi dute.
Euskadi Irratiko azken albistegia