Politika

ILEGALIZAZIOA GORENEAN

Talde Parlamentarioaren jarduera ere eteteko eskatu du Abokatutzak

2008/02/08

Fiskalburua neurri horren aurka azaldu da. EHAKren aurkako demanda guztiak batean biltzea erabaki dute magistratuek. Arratsaldean ANVk izango du alegazioetarako tartea.

EHAKren jarduera alderdi politiko gisa eteteaz gain, Legebiltzarrean talde parlamentario bezala ere eteteko eskatu dio Estatuko abokatuak Auzitegi Gorenari.

Estatuko zerbitzu juridikoen ordezkariaren esanetan, talde parlamentarioa ere "beldurra erabilita iritzi publikoaren gainean eragiteko tresna erabilgarria" da eta, beraz, egin beharreko ondorio logikoa dela agertu du.

Antonio Narvaez fiskalburua, ordea, aipatu neurriaren aurka azaldu da alderdia eta talde parlamentarioa ezin parekatu daitezke taldeak herritarrak ordezkatzen dituelako Legebiltzarrean.

Auzitegi Gorenak taldearen jarduera etetea erabakiz gero, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur goizean bertan adostutako neurriaren osagarria izango litzateke, izan ere, epaile honek ez du inongo neurririk hartu EHAK-ko legebiltzarkideen aurka.

Alegazioak entzuteko bista

10:30ean abiatu du Auzitegi Goreneko 61. Salak EHAK alderdiaren aurka Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak planteatutako ilegalizazio eskaeretan barneratutako kautelazko neurrien alegazioak aztertzeko bista publikoa.

Kepa Landa eta Jone Goirizelaia EHAK-ko abokatuen alegazioak entzungo dituzte gaur goizean magistratuek.

Fiskaltzak eta Estatuko zerbitzu juridikoek EHAKren aurka jarritako ilegalizazio demandak batean biltzea erabaki du, azkenean, Gorenak, Estatuko Abokatuak eskatu zion bezala. Erabaki hori hartu ondoren abiatu dute ahozko bista.

Alderdi politikoaren jarduera etetea eta kontu korronteak, gordailuak eta aktibo finantzarioak eta Administrazio Publikoak emandako diru-laguntzak bahitzea dira eskatutako kautelazko neurriak.

Horrez gain, EHAK-k datozen hauteskundeetarako hautagaitzak aurkeztu ez dituen arren, demandan hautagaitzok ezin aurkeztu izatea eta hauteskundeetan ezin parte hartu izatea eskatu dute.

Bestalde, EHAKren egoitza soziala eta bere izenean dituen gainerako egoitzak ixtea ere eskatu du Fiskaltzak, alderdi honetako zein Batasunako kideek horietan ekitaldi politikorik egin ezin ditzaten.

16:00etan izango da ANVren txanda

16:00ean gai beraren inguruan arituko dira, baina EAE-ANVren aurkako kautelazko neurriak aztertzeko.

Ilegalizazioaren aurkako ekimena atzera bota du EHAK-k Legebiltzarrean

Bestalde, EHAK-k atzera bota du alderdi honen eta EAE-ANVren ilegalizazioaren kontra Legebiltzarrean bozkatu behar zuten ekimena. Nekane Erauskinek egin du iragarpena Garzon epailearen erabakiaren berri izan ondoren. "Madrilek erabakia hartu du jada", esan du Erauskinek erabakia arrazoitzeko. Haren esanetan, ez dute ahalbidetu nahi Alderdien Legearen aurka azaltzen diren alderdiek ekimenari babesa agertzea eta gero ilegalizazioen aurka "ezer ez egitea".

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta