2008/02/06
Bi haur hil dira eta beste bi zauritu Mutiloagoitin (Nafarroa), sendagairen batekin toxikatuta. Bideko Amaren erietxera eraman dituzte zauritutako umeak. Laurak familia berekoak dira, anai-arrebak. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, baliteke amak eman izana sendagaia haurrei.
Ama ere Nafarroako ospitalean dago, karbono monoxidoa arnastuta. Foru Gobernuak jakitera eman duenez, bere buruaz beste egiten saiatu da
Arriskutik kanpo dago eta atxilotu egin dute, bi hilketa eta bi hilketa-saiakera leporatuta.
Hildako haurrek hiru eta zazpi urte zituzten, eta zaurituta ospitalean, arriskutik kanpo, dauden beste bi neba-arrebek 12 eta 14 urte. Azken horiei laguntza psikologikoa ematen ari dira.
Umeen aitak Foruzaingoaren bidez izan du ezbeharraren berri, eta berari ere laguntza psikologikoa eman diote.
Familiaren lagun batek deitu du SOS-Nafarroa larrialdietako zerbitzura 09:15ean, ezbeaharren bat gertatu den susmoa hartuta. Foru poliziak esandako lekura iritsi direnean, Eizkibel kaleko txalet batera, umeen ama garajean topatu dute, monoxido karbonoa arnastuta.
Atxilotutako emakumeak 40 urte ditu eta Iruñeko bizilaguna da; bananduta dago eta tratamendu psikiatrikoa jasotzen ari zen. Polizia judizial eta zientifikoak du ikerketaren ardura.
Labankadak
Erietxean, toxikatuta, dauden bi umeek labankadak ere badituzte lepoan, Bideko Amaren erietxeko larrialdietarako zerbitzuak jakinarazi duenez. Zauriak azalekoak ei dira.
Amak ere labankadak ditu lepoan eta eskumuturretan. Emakumearen zauriak ere azalekoak omen dira.
Euskadi Irratiko azken albistegia