Politika

AUZITEGI NAZIONALA

Barrena eta Urrutia espetxean, Garzonen aginduz

2008/02/08

Biei aurrez ezarritako kautelazko neurriak "urratzea" eta ETAko kide izatea egotzi die. Barrena askatzea exijitu zuen Berriozarreko udalbatzak atzo.

Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak kartzelara bidali zituen atzo, osteguna, Pernando Barrena eta Patxi Urrutia Batasuneko bozeramaileak, erakunde armatuko kide izatea eta aurrez egindako delituak berriz egitea egotzita.

Horrenbestez, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak egindako eskeari men egin zion epaileak. Joan den astelehenean atxilotu zituzten Batasuneko ordezkariak Nafarroan, legez kanpo dagoen alderdi baten izenean jarduten jarraitzea leporatuta.

Epaileak aurretik ezarritako badaezpadako neurriak –fidantzapean aske daude biak– urratu dituztela eta ETAren egituraren barruan dagoen legez kanpoko erakunde baten izenean jarduten jarraitu dutela argudiatu zuen epaileak erabakia hartzeko.

"Ezker abertzalea ETA ez dela" berretsi zuen epaileak autoan, baina, erakunde armatuak Batasunaren bidez euskal esparru politiko horretaz jabetzeko duen "asmo fagozitatzaile eta harraparia" aipatu zuen erabakia hartzeko.

Garzonen aburuz, biek ala biek "burugogorkeriaz" hautsi dituzte aurrez haien kontra zeuden ebazpen juridikoak, epaiok euren jardunaren mugak "argi eta garbi" zehazten dituzten arren. Batasuneko Mahai Nazionala atxilotu zutenetik (urriaren 6a) Barrena eta Urrutia atxilotu zituzten egunera arte (otsailaren 2a) izandako 31 ekitaldi publikoak aipatu ditu Garzonek froga gisa.

Hala, betiere Garzonen iritzian, ekitaldiotan Batasuna-ETAren ordezkari izan dira Barrena eta Urrutia, ez ezker abertzalearenak. Epaileak argudiatu zuenez, testuinguru horretatik abiatuta hartu zuen berak espetxeratzeko erabakia.

Galdeketa

10:50 aldera hasi zen epailea Pernando Barrena galdekatzen, eta Urrutiaren txanda izan zen gero. Minutu gutxi batzuk soilik egin zituzten epailearen aurrean biek. Barrena esku-burdinak jarrita sartu zen salara eta Madrilgo komisaria batean hiru egunez inkomunikatuta egon ostean, neurri hori altxatu zion epaileak, Urrutiari bezala.


Jone Goirizelaia abokatuarekin deklaratu zuten biek eta epailearen galderak erantzuteari uko egin zioten. Barrenaren eta Urrutiaren eskubide zibil eta politikoak aldarrikatu zituen defentsako abokatuak bere agerraldian. Batasunarenak baino, ezker abertzalearen bozeramaile gisa jardun dutela argudiatu zuen eta, horren ildoan, Garzonek aurrez kaleratutako autoak erabili zituen froga gisa (euskal esparru politiko horrek, ezker abertzaleak, politika egiten jarraitzeko eskubidea zutela).

Barrena eta Urrutia kartzelatuta, 19 dira espetxean dauden Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak.

Askatasuna presoen aldeko elkarteak Barrena eta Urrutiaren kartzelatzea salatu du eta "Espainiako Estatuaren planifikazio errepresiboari" egotzi dio. Ohar batean adierazi duenez, EAJ eta NaBai ere egoera horren erantzule dira eta "estatu zapaltzailearen aliatu" izatea leporatu die.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta