logo de eitb24
2008ko maiatzak 12 | 02:43:19
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Gizartea

IKASYS PROIEKTUA

Aplikazio informatiko aitzindari bat probatuko dute euskal ikasleek

2008/02/05

Ikastolen Federazioak prestatu duen proiektuarekin, miniordenagailu eramangarri bat izango du ikasle bakoitzak bere lanak egiteko, eta horri esker, jarraipen pertsonalizatua eta eduki kurrikular propioa izango dute.

Ordenagailua jolaserako erabiltzen dute, batez ere, gaur egun, neska-mutikoek. Luze gabe, ordea, ikastolako lan-tresna didaktiko arrunta bihurtuko zaie.

Izan ere, Ikastolen Elkarteak proiektu berritzaile eta aitzindaria sortu du: liburu baten tamaina duen ordenadore eramangarria izango du, batetik, ikasle bakoitzak eta aplikazio informatiko berezi baten bidez nahi horretarako propio sortu diren milaka ariketen bidez ikasle bakoitzaren lan erritmoaren jarraipena egin ahal izango dute irakasleek.

IKASYS izena darama Ikastolen Elkarteak sortu duen ordenadore bidezko ikaste-sistema berritzaileak. Arantza Manterola Gipuzkoako Ikastolen Federazioko buruak azaldu duenez, "ikastolek esperientzia dute teknologia eta pedagogia uztartzen".

Oihan Odriozola sistemaren arduradunak azaldu du ikasle bakoitzak ordenadore txiki bat izango duela gelan, bere lanak egiteko.

Ordenagailua tresna modura hartuz eta aplikazio edo softwararen bidez, ikaste-sistema pertsonalizatu bat emango zaio ikasleari, eta neska-mutiko bakoitzak bere mailara eta erritmora egokituko ditu ikastolako ariketak. Irakaslearen gidaritzapean, beti ere.

Bost eremu jorratzen dituzten 200.000 ariketa sortu dituztela adierazi du Josune Gereka proiektuaren zuzendari teknikoak. Ariketa horiek edukiak memorizatzen eta gaitasunak lantzen lagunduko diete ikasleei.

Apirilean jarriko da martxan proiektuaren lehen fasea

IKASYS proiektuaren lehen fasea apirilean jarriko dute martxan, hiru ikastolatan, 225 ikaslerekin.

Hurrengo ikasturtean beste 16 ikastoletara hedatuko dute sistema, bigarren fasea abian jarriz, eta ikasturte amaieran ebaluazio bati ekingo diote zer jarraipen izan dezakeen ikusteko.

Bi miloi eurotik gorako aurrekontua du proiektuak. Lehen bultzada Gipuzkoako Foru Aldundiak eman zion eta diru kopururik handiena Madrilgo Hezkuntza Ministerioak jarri du, Kongresuko talde jeltzalearen eskariei erantzunez.

Albiste hau promozionatu:


Bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta