2008/01/31
Enaitz Iriondo 2004ko abuztuan harrapatuta hil zuen Tomas Delgado gidariak ordaindu beharko ditu gazte durangarraren gurasoei bere ibilgailuak izandako kalteak ordaintzeko eskatu ondoren abiatutako epaiketaren gastuak. Epaiketa hori hasi berritan, atzo, demanda atzera bota zuen Delgadok.
Haroko (Errioxa) Bat zenbakiko Lehen Instantziako eta Instrukzioko Epaitegian hasi zuten ahozko bista baina, hasi bezain laster, Tomas Delgadoren abokatuak iragarri zuen Enaitz Iriondoren gurasoei 20.000 euro eskatzeko jarritako demanda atzera botako zuela.
Epailearen arabera, "prozesu judiziala aktorearen etsipenarengatik bukatzen bada, berak ordaindu beharko ditu kostu guztiak".
Bestalde, Juan Calparsoso Errioxako fiskal nagusiak ez du kasua itxiko, gurasoei diligentzia informatiboak agindu baitzizkien joan den astelehenean, epaileak zigor bidea abiatzeko aukera dagoela ikusita. Izan ere, baliteke Delgadok zuhurtziagabekeria delitua egin izana.
Euskadi Irratiko azken albistegia