logo de eitb24
2008ko abuztuak 20 | 17:49:18
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Gizartea

IKERKETA HASI DUTE

Enaitz Iriondo autoarekin harrapatu zuen gidaria kartzelara joan liteke

2008/01/28

Gaztea hil eta ondoren gurasoei autoaren kalteak ordaintzeko eskatu zien gidariak delitu penala egin zuen ikertzea agindu du Fiskaltzak. Stop Accidentesek herritarren akusazioa sustatuko du horrelako jazoeretan.

Enaitz Iriondo auto batek harrapatutako eta jazoera horretan hildako adingabearen auzian bide penala ireki beharra dagoen erabakitzeko ikerketa hastea agindu du Juan Calparsoro Errioxako Fiskal Nagusiak. 2004ko abuztuaren 26an hil zen Iriondo, Errioxako Castañares udalean.

Harrapaketa gertatu zenean auzia eraman zuen epaitegiak Tomas Delgado Santo Domingo de la Calzadako herritarrak ez zuela arau-hauste kriminalik egin esan zuen, eta gurasoek ez zuten erabaki horren aurkako helegiterik jarri horretarako zuten hiru eguneko epean.

Orain, ordea, Antonio Iriondok eta Rosa Trinidadek bide penala ireki dezaten nahi dute, Tomas Delgadok euren aurkako salaketa jarri ondoren, haurrak Audi A8arekin talka egiterakoan autoan eragindako 20.000 euroko kalteak ordaindu zitzaten.

Enaitz Iriondoren auzia zuhurtziagabekeria astunagatik izandako gizahilketa auzi bat izan zen erabaki beharko du fiskalak ikerketen arabera. Horrela izatekotan, urtebetetik lau urtera luzatu daitekeen kartzela-zigorra ezar liezaiokete, eta gidabaimena urtebetetik sei urtera kendu.

Ezbeharra

2004ko abuztuaren 26an, Enaitz kanpinera zihoan bizikletaz.

"Hain zuhurra" izan zen, ezen LR-111 errepidearen paraleloa den bide batetik joaten ari baitzen, Rosa Maria Trinidad gaztearen amak Stop Accidentes elkartearen webgunean adierazi duenez.

"Edonola ere, LR-111 errepidetik irtetean, oso azkar zihoan Audi A8 baten gidariak harrapatu eta hil egin zuen", gaineratu du.

Adituen txosten baten arabera, gidaria 173,9 km/h-ko abiaduran zihoan, errepide horretako abiadura muga 90 km/h-koa bada ere.

Gainera, txostenak berak zehazten du autoak ez zuela gaztea harrapatu bizikleta errepidean sartu zenean, baizik eta bi gurpileko ibilgailuak errepidean jada metro batzuk ibilita zituenean.

"Istripuaren atestatuan ez zioten garrantzirik eman autoaren abiadurari, eta Enaitz kaskorik eta txaleko islatzailerik gabe zihoala baino ez zuten nabarmendu", salatu du amak.

Gidariari istripua gertatu eta ordu eta erdira egin zioten alkoholemia proba, eta orduan baimendutako tasa gainditzear zegoen.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta