
2008/01/17
7 Pareta, 7 Kontinente egitasmoko azken erronka gauzatu eta gero, Antartika EITB 2007 espedizioko kideak etxean dira jada. Iker eta Eneko Pou, Jabi Baraizarra eta Gotzon Arribas asteazkenean heldu ziren Euskal Herrira eta gaur prentsaurrekoa eman dute EITBren Bilboko egoitzan, bidaiaren nondik norakoak azaltzeko.
Ekitaldian, Jose Ituarte ETBko kirol albistegi eta programetako arduraduna egon da eurekin. Eguberri Egunean, haize eta hotz bortitzari aurre eginda, “Three Pigs” pareta eskalatzea erdietsi zuten Iker eta Enekok. Eguraldiak tregoa txiki bat eman bezain laster, bigarren saiakeran euren asmoa betetzea lortu zuten. Gasteiztarrek Zerua Peak izenarekin bataiatu zuten tontorra. Gailurra egin eta gero, Hovegaard Uhartean hartu zuten atseden. Urte berriarekin batera ekin zioten itzuliko bidaiari.
Dorian Bay atzean utzi eta Melchior irletara jo zuten. Lau egunez Drake itsasoan zehar nabigatu ostean, Hornos Lurmuturrean ziren berriz. Port Williamsen egun batzuk igaro ondoren, Ushuaiara itzuli ziren. Bertan, Iker eta Enekok Frantziako alpinista eta nabigatzaile talde batekin ospatu zuten bere bidaiaren amaiera.
Azken egunak Buenos Airesen eman dituzte. 7 Pareta, 7 Kontinente egitasmoa 2003an hasi zuten Pou anaiek, mundu osoko zazpi pareta enblematiko igotzeko asmoz. Horrela, "El Capitan" (Yosemite Parke Nazionala, Kalifornia, AEB), Naranjo de Bulnes (Europako Tontorrak, Espainia), Tsanoro (Madagaskar), Totem Pole (Tasmania), Trangoko Dorreak (Himalaya), Fitz Roy (Patagonia) eta orain "Three Pigs" (Antartika) eskalatu dituzte.
Pou anaiak telebistan
Pou anaiek 7 Pareta, 7 Kontinente egitasmoaren baitan bizitako abentura guztiak dokumental sorta batean biltzen ari dira. Azken urratsa beteta, erreportaje guztiak prest direnean Euskal Telebistak eskainiko ditu. Aurrez, hil honen 27an, goizeko "Kirolez Kirol" saioan izango dira Iker eta Eneko, Antartikan hartutako irudiak zuzenean komentatzen.
Euskadi Irratiko azken albistegia