2008/01/16
Athletic Clubek Errege Kopako final-laurdenetarako txartela eskuratu zuen penaltietan Ernesto Valverderen Espanyol taldea gaindituta.
Zalapartatsua izan zen lehen zatia Bartzelonan. Zuri gorriek Espanyolek baino hobeto hasi zuten partida, baina hobeto ari zirenean heldu zen katalanen gola. Lolak jaurti zuen, Aranzubiak ez zuen ondo gelditu eta Sorianok pasea eman zion Luis Garciari honek erosotasun osoz gola sar zezan.
33. minutuan Luis Garciak ukondokada eman zion Tikori eta epaileak txartel gorria erakutsi zion Espanyoleko jokalariari. Athleticek ez zuen nagusitasun hori baliatu eta Valdo bigarrena lortzeko zorian izan zen 46.ean.
Bigarren zatiko lehen minutuetan, Espanyol izan zen nagusi. Valverderen mutilek jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuten, baina ez ziren urduri jarri Athletic ahul baten aurka.
Caparrosen mutilak Lafuentek babestutako atera hurbildu ziren, baina arrisku gehiegi sortu barik.
Iraultza azken hamar minutuetan heldu zen. Iraolak kanporaketa berdindu zuen 82. minutuan. Athleticek ez zuen luzapena jokatu nahi eta bigarren golaren bila aritu zen, baina Lafuenteren asmatzeak era aurrelari zuri-gorrien hutsek luzapena eragin zuten.
Luzapenean ez zen golik izan eta penaltietan erabaki zen kanporaketa Athleticen alde. Garmendiak jaurti zuen lehena eta Basaurikoak gola lortu zuen. David Lopezek zuri-gorrien hurrengo jaurtiketa huts egin zuen, baina Lolak kanpora bidali zuen Espanyolen beste bat eta azken jaurtiketa Torrejonena izan zen. Jokalariak ez zuen Dani Aranzubia gainditu eta Athletic final-laurdenetarako sailkatu zen.
Racing izango dute aurkari Caparrosen mutilek hurrengo kanporaketan. Joaneko partida urtarrilaren 23an izango da eta bueltako hilabete bereko 30ean.
- Fitxa teknikoa:
1 -Espanyol: Lafuente, Zabaleta (Torrejon, 21'), Serrán, Lacruz, Clemente Rodriguez, Lola, Moises Hurtado, Valdo, Luis Garcia, Riera (Moha, 75') eta Jonathan Soriano (Tamudo, 74').
1- Athletic Club: Aranzubia, Iraola, Ustaritz (Prieto, 76'), Amorebieta, Del Horno, Muñoz (Garmendia, 46'), Tiko (Aitor Ramos, 68'), Susaeta, Yeste, David Lopez eta Llorente.
Golak:
1-0: Luis Garcia (10'); 1-1: Iraola (82').
Penaltiak: 0-1: Garmendia (gola); 1-1: Tamudo (gola); 1-1: David Lopez (zutoinera); 1-2: Valdo (gola); 2-2: Yeste (gola); 2-3: Moha (gola); 3-3: Susaeta (gola); 3-3: Lola (kanpora); 4-3: Iraola (gola); 4-3: Torrejón (zutoinera).
Euskadi Irratiko azken albistegia