2008/01/14
Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteorde lehenaren arabera, "ANV ilegalizaziotik gertuago dagoela begi bistakoa da" eta, legez kanpo uzteko prozesu hori "edozein unetan" buru dezaketela ohartarazi du. Zuhurrago mintzatu da Mariano Fernandez Bermejo Justizia ministroa eta, Hernaniko alkatearen adierazpenak "proba bat gehiago" direla agertu badu ere, ilegalizazio prozesu orotan "zorrotz jokatu" behar dela nabarmendu du.
Cadena Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean, ANVk larunbatean Iruñean egindako ekitaldiaren "ikerketa zabaltzeko" asmoa zuela esan du De la Vegak. Legea urratuko lukeen edozein elementu egonda, Espainiako Gobernuak berehalakoan jardungo lukeela nabarmendu du, eta horren harira, Fiskaltzak aurkeztutako salaketa ekarri du gogora.
"Erne ibili gara, Estatuko Segurtasun Indarrekin batera lanean, eta datuak daudenean salaketa jarriko dugu", agertu du De la Vegak.
"Begi bistakoa dena da ANV, bere jarrerarekin, ilegalizaziotik gertuago dagoela" eta ilegalizazio prozesua "edozein unetan" burutu ahal dutela azpimarratu du.
Justizia ministroa, zuhurrago
Tankerako gogoeta egin du Mariano Fernandez Bermejo Justizia ministroak. Haren esanetan, Beitialarrangoitiaren hitzak "proba bat gehiago dira".
Dena dela, alderdi bat ilegalizatzeko orduan "zorrotz jokatu" behar dela azpimarratu du. "Oraindik ez dago behin betiko probarik eta zorrotz jokatu behar dugu", agertu du Antena 3 telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean.
"Sistema demokratikoaren muinari eragiten dion prozesua da ilegalizazioa eta zorrotz jardun behar dugu. Beste proba bat da hau", esan du Fernandez Bermejok.
Euskadi Irratiko azken albistegia