2008/01/14
Martxoaren 9ko hauteskundeak deitzeko dekretua gaur onartu du Gobernu Zentralak. Hala, Hauteskunde Legeak ezarritako egutegia martxan jarri da. Bien bitartean, batean eta bestean, alderdi politikoak euren zerrendak osatzen eta aurkezten hasi dira.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernu Zentraleko presidenteak bere kabineteko kide guztiak deitu ditu gaur eguerdirako, 12:15erako, Moncloa jauregian. Bertan, ezohiko bilera egin du Ministroen Kontseiluak eta hauteskundeak deitzeko dekretua onartu du.
Behin hori eginda, Zarzuelarako bidea hartu du Zapaterok, Erregeari dekretuaren onarpenaren berri emateko. Handik, Moncloara itzuli da eta agerraldi instituzionala egin du.
Hauteskundeak deitzeko dekretua eta Gorteen jardunaren etenaldia bihar, asteartea, argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean.
Hortik aurrera eta Hauteskunde Legeak jasotzen duen bezala, alderdiek zerrendak aurkezteko duten epea eta hauteskunde kanpainaren hasiera eta amaiera egunak finkatuko dira, besteak beste.
Hain zuzen, otsailaren 4an zabalduko da zerrendak dagozkien hauteskunde-batzordetan aurkezteko epea. Kanpaina, berriz, otsailaren 22tik martxoaren 7ra bitarte egingo da.
Kanpaina horretan, besteak beste, bi data esanguratsu jada ezarrita daude; otsailaren 25ean eta martxoaren 3an PSOEko eta PPko hautagaien arteko eztabaida publikoa izango da. Zapaterok eta Rajoyk aurrez hitzartutako hainbat gai jorratuko dituzte publikoaren aurrean. Oraindik, ez dago zehaztuta ze telebista-katek emango duen eztabaida.
Euskadi Irratiko azken albistegia