Politika

ILEGALIZAZIOA

Datozen bi asteak, erabakigarriak EHAKren eta ANVren etorkizunarentzat

2008/01/14

Atzo, bestalde, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatearen kontrako salaketa jarri zuen Fiskaltzak, ANVk larunbatean Iruñan egin zuen ekitaldian terrorismoa goratu zuelakoan.

EHAK eta Batasunaren arteko harremanari buruzko poliziaren txostenak aztertuta, Estatuko Fiskaltza Nagusiak Auzitegi Goreneko Sala Berezian EHAK ilegalizatzeko salaketa jarriko du aste honetan. Izan ere, Auzitegi Gorenaren atal horri dagokio Alderdien Legea aplikatzea. Gainera, Baltasar Garzon Audientzia Nazionaleko epaileari alderdi abertzalearen jarduna eteteko eskatuko dio.

Aurrerago, hilaren 21etik 27ra bitartean, ANVren kontra antzeko bi salaketa jartzeko asmoa du Fiskaltzak, bata Auzitegi Gorenean eta bestea Audientzia Nazionalean. Guardia Zibilaren txosten baten arabera, ANVk Batasuneko kideen soldatak ordaintzen ditu eta txosten hori eskuartean duenean joko du Fiskaltzak Audientzia Nazionalera eta Gorenera.

Gobernuak abiarazitako neurriak

EHAK eta ANV ilegalizatzeko Gorenera jotzeko baimena emango dio Estatuko Abokatutzari Gobernuak.

Gobernuak zuzenean abiaraziko ditu neurri horiek Ministerio Publikoaren bitartez, Kongresutik pasa gabe, Aznarrek bere garaian Batasuna ilegalizatzeko eman zuen pausoa alde batera utzita.

Zapateroren Gobernuak, hala, zenbait talde-parlamentarioen oposizioa saihestuko du, besteak beste, Izquierda Unidarena, Esquerra Republicana de Catalunyarena eta EAJrena. Alderdi horiek dira, hain zuzen, Alderdien Legearen kontra daudenak.

Beitialarrangoitia, deklaratzera

Audientzia Nazionaleko Fiskaltzak Marian Beitialarrangoitia (ANV) Hernaniko alkatearen kontra salaketa jarri zuen atzo, ustez, terrorismoa goratu zuelako larunbatean Iruñako ekitaldian Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko ustezko kideen alde txaloak eskatu zituenean.

Iturri fiskalek jakinarazi dutenez, Santiago Pedraz aste honetan guardian dagoen epaileari alkatea deklaratzera deitzeko eskatu zion Fiskaltzak. Izan ere, terrorismoa goratzeko delitua egin izana leporatzen diote alkate abertzaleari. Bi urte arteko kartzela-zigorra ekar dezakeen delitua da hori.

Poliziak emandako informazioa aztertu eta gero, Javier Zaragoza Audientzia Nazionaleko fiskal buruak Ignacio Gordillo guardiako fiskalari salaketa atzo arratsaldean bertan jartzeko agindu zion. Gainera, poliziaren txosten zabalagoak eskatzeko ere agindu zion, ekitaldian parte hartu zuen beste edonork ere deliturik egin duen ala ez jakiteko.

Bestalde, Poliziak Fiskaltzari emandako informazioan azaltzen denez, alkatearen hitzez gain, txaloak eta oihuak egin zituzten ikusleek Arrasaten atxilotu zituzten Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko ustezko kideen alde.

Marian Beitialarrangoitia Hernaniko ANVko alkateak Radio Euskadin esan duenez, "ilegalizazioak ez lioke inori mesede egingo".

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta