2008/01/13
EHAK eta Batasunaren arteko harremanari buruzko poliziaren txostenak aztertuta, Estatuko Fiskaltza Nagusiak Auzitegi Goreneko Sala Berezian EHAK ilegalizatzeko salaketa jarriko du datorren astean. Izan ere, Auzitegi Gorenaren atal horri dagokio Alderdien Legea aplikatzea. Gainera, Baltasar Garzon Audientzia Nazionaleko epaileari alderdi abertzalearen jarduna eteteko eskatuko dio.
Aurrerago, hilaren 21etik 27ra bitartean, ANVren kontra antzeko bi salaketa jartzeko asmoa du Fiskaltzak, bata Auzitegi Gorenean eta bestea Audientzia Nazionalean. Guardia Zibilaren txosten baten arabera, ANVk Batasuneko kideen soldatak ordaintzen ditu eta txosten hori eskuartean duenean joko du Fiskaltzak Audientzia Nazionalera eta Gorenera.
Marian Beitialarrangoitia Hernaniko ANVko alkateak Radio Euskadin esan duenez, "ilegalizazioak ez lioke inori mesede egingo".
Gobernuak abiarazitako neurriak
EHAK eta ANV ilegalizatzeko Gorenera jotzeko baimena emango dio Estatuko Abokatutzari Gobernuak.
Gobernuak zuzenean abiaraziko ditu neurri horiek Ministerio Publikoaren bitartez, Kongresutik pasa gabe, Aznarrek bere garaian Batasuna ilegalizatzeko eman zuen pausoa alde batera utzita.
Zapateroren Gobernuak, hala, zenbait talde-parlamentarioen oposizioa saihestuko du, besteak beste, Izquierda Unidarena, Esquerra Republicana de Catalunyarena eta EAJrena. Alderdi horiek dira, hain zuzen, Alderdien Legearen kontra daudenak.
Euskadi Irratiko azken albistegia