Mundua

PROFILA

Hillary Clinton, ekaitzen ondotik beti dator barealdia

2008/01/09

Jasotako heziketa zorrotzak zailtasun pertsonal eta politiko askori aurre egiteko indarra eman dio senatari demokrata eta lehen dama ohiari. Bozak irabaziko balitu, Etxe Zuria zuzentzen duen lehen emakumea litzateke.
Hillary Clinton. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Hillary Clinton. Argazkia: EFE

Chicagon 1947an jaioa, une zailetan onik ateratzeko abilezia du Hillary Clintonek. Berdin afera pertsonalak zein politikoak, denei aurre egiteko gai izan da New Yorkeko senataria.

Heziketa zorrotza izan zuen eta gurasoek ez zioten ahultasunik onartu. Ezaguna da oso Hugh Rodham aitak behin Hillary txikiari esandakoa. Antza, nota ezin hobeekin iritsi zen etxera eta, aitak, hori ikusita, eskola horretan ikastea oso erraza zela ihardetsi zuen. Dorothy ama ere ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Eskolako lagunen batek mehatxu egiten ziola kontatu zion baten Hillaryk eta, honek "etxe honetan ez dugu koldarrik onartzen" erantzun zion.

Adituen esanetan, heziketa horrek burdinazko fatxadadun emakumea bilakatu du Clinton; kolperik latzenak ere (pertsonalak eta politikoak) ondo jasateko abileziaduna. Karakter horrek, baina, boto-emaileengandik urrundu du zenbaitetan. Argitasun falta eta, batzuetan, faltsutasuna egotzi diotenik ere bada.

Kristau metodista, AEBetako hezkuntza zentro ezagunetan hazitakoa da Hillary, tartean, Yale Unibertsitatea (Zuzenbidean lizentziatua da). 1975etik Bill Clintonekin dago ezkondua eta alaba bakarra du: Chelsea Victoria.

Hain justu, senarraren amodiozko abenturengatik ere da ezaguna hautagai demokrata. Askok ezin ahaztuta izango dute, Monica Lewinsky bekadunarekin Clintonek izandako harremanaren ondotik (1998), Hillaryk izandako jarrera. Etxe Zuriko lorategietan paseoan gogoratuko dute askok, Bill senarra eta Chelsea alaba ondoan zituela, haserre baina tinko. Desleialtasuna gorabehera, senarra barkatzea erabaki zuen, bigarrenez. Aurrez, 1992an, Gennifer Flowersek Clintonekin "affaire"a eduki zuela jakinarazi zuen. Orduan ere, senarraren ondoan egon zen Hillary. CBS telebista katearen "60 Minutes" programan honakoa adierazi zuen: "Hemen nago, bere aldamenean, asko maite dut eta". Sakrifizio honek ordain politikoa izan zuen: 2001ean Senaturako hautatu zuten.

Presidentegai hautatuta, hauteskundeak irabaziko balitu, Etxe Zurira heltzen den lehen emakumea litzateke Clinton.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta