2008/01/04
Hiru eskiatzaile hil dira ostiral honetan Formigaleko eski estazioan, pistetatik kanpo zebiltzanean elur-jausi batek harrapatuta; horietako bi euskal herritarrak dira.
Radio Euskadik Guardia Zibilaren iturriak aipatuta aurreratu duenez, biktima bi donostiarrak dira, horietako bat Gasteizen bizi zen arren. Lehendabizikoak (Daniel O.E.) 36 urte zituen eta bigarrenak (Iñigo Enrique Z.G.), 37, hurrenez hurren. Hildako hirugarren eskiatzaileak, Miguel Angel Rodriguezek 32 urte zituen, Zaragozakoa zen eta eski estazioan egiten zuen lan.
Bi eskiatzaileak pistetatik kanpo ari ziren kirol hori egiten beste bi lagunekin batera. Elur-jausiak ez ditu bi lagun horiek harrapatu eta 112ra abisua pasa ahal izan dute. Miguel Angel Rodriguez, berriz, ez zen eskiatzen ari, Aragoiko Mendi elkartean (Aramon, Formigalgo eski estazioa kudeatzen du) marketin eta komunikazio lanak egiten ditu eta argazkiak ateratzen ari zen ezbeharra gertatu denean.
Hilotzak Jacako erietxera eraman dituzte autopsia egiteko, Pedro Garijo Guardia Zibilaren Jacako mendi taldeko teniente buruak jakinarazi duenez.
Pistetatik kanpo eskiatzen ari zen lagun-talde batek ohartarazi du Anayeten, 'Garmo La Mina' izeneko ingurunean, elur-jausia izan dela.
Ikerketa, abian
Francisco Bonok Aramon Aragoiko Mendi elkarteko presidenteak esan du azken 24 orduetan elur asko egin duela eta, ondorioz, elur-jausi bortitzak izan zitezkeela ohartarazi dutela. Ezbeharraren inguruko informazioa biltzen ari direla esan ostean, elkartasuna adierazi die biktimen senitartekoei.
Garijok esan duenez, gertakaria nola jazo den argitzeko ikerketa bat jarri dute abian. Mendian "errespetuz" eta "kontu handiz" ibili behar dela azpimarratu ostean, azken bi gauetan elur asko egin duela eta, ondorioz, trinkotu gabe dagoela gogoratu du.
Horiek horrela, pistetatik kanpo eskiatzea gomendagarria ez dela adierazi du, "mendia ez dagoelako bere baldintzarik onenean".
Antonio Jerico Formigaleko estazioko zuzendariak zehaztu duenez, istripua gertatu den tokira eskiatzen heltzea posible bada ere, elur-jausia izan den ingurura sartzea zaila da.
Ordubeteko erreskatea
Guardia Zibilaren Jacako mendi-taldeko buruak azaldu duenez, istripuaren berri 10:40 inguruan izan dute eta une horretan Guardia Zibila eta 112 larrialdi zerbitzuko langileak abian jarri dira.
12:00ak inguruan aurkitu dute lehenengo eskiatzailea, bigarrena baino 20 minutu lehenago. Biak bizirik zeuden eta suspertzen saiatu badira ere, Anayeteko aparkalekura bertaratu den Sabiñanigoko Zainketa Intentsiboko Unitate mugikorrak ezin izan du ezer egin. Geroago, hirugarren biktima hilik aurkitu dute.
Garijoren esanetan, erreskate-lanak modu azkarrean eta eraginkortasunez egin dute. Orotara, ordubete behar izan dute hiru lagunak erreskatatzeko.
Lehendabiziko eskiatzailea txakurren laguntzarekin topatu dute; bigarrena elurretan egindako zundaketen bidez; eta hirugarrenaren gorpua topatzea gehiago kostatu zaie, elur azpian, oso sakonera handian baitzegoen. Elur azpian pertsonak bilatzeko aparatu bati esker aurkitu dute.
Erreskate-lanetan 15 guardia zibilek baino gehiagok hartu dute parte, elurretan pertsonak bilatzeko trebatutako bi txakurren laguntzarekin. Era berean, Jaca eta Tarazonako larrialdi zerbitzuetako langileek eta Guardia Zibilaren bi helikopterok ere parte hartu dute.
ARAMON Formigal estazioko kudeatzaileak 976 229 132 telefonoa ireki du, informazioa behar duten lagunen deiei erantzuteko.
Beste istripu bat
Horrez gain, beste eskiatzaile bati bihotzekoak eman dio eta helikopteroan erreskatatu behar izan dute. Gertakari horrek nahasmena sortu du; izan ere , hasiera batean, eskiatzaile horren erreskatearen irudiak zendutako hiru mendizaleekin nahastea eragin du.
Euskadi Irratiko azken albistegia