2007/12/18
Espainiako Poliziak Marije Fullaondo Batasuneko buruzagia atxilotu du arratsalde honetan Gernikan Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, albiste-agentziek jakinarazi dutenez.
Fullaondok Errigoitin (Bizkaian) duen etxebizitza miatu dute, atxilotua aurrean zegoela, eta ondoren Madrilera eramango dutela espero da.
Joan den urriaren 4an Baltasar Garzon epaileak Batasuneko Mahai Nazionalaren kontra agindutako polizia-operazioaren baitan egin dute atxiloketa. Orduan Batasunaren zuzendaritzako 23 kide atzeman zituzten Seguran, bilera batean zeudela.
Atxilotutako mahaikideen artean, Joseba Permach, Juan Joxe Petrikorena, Juan Cruz Aldasoro eta Rufi Etxeberria egon ziren.
Aurretik jada kartzelan zeuden Joseba Alvarez Batasuneko nazioarteko harremanen arduraduna eta Arnaldo Otegi bera pasa den ekainetik.
Ordutik hona, guztira Batasuneko 21 mahaikide sartu dituzte kartzelan.
Fullaondo Euskadi Irratian, atxiloketaren eguneko goizean
Gaur goizean Euskadi Irratian izan da Marije Fullaondo eta, "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, gori-gorian dagoela Estatuaren eta Euskal Herriaren arteko gatazka erakusten duela Sestaon egindako atentatuak esan du.
ETAk azken agirian atentatuekin jarraitzeko asmoa duela adieraztea, berriz, negoziazio prozesua apurtu ondoren etorritako errepresioari emandako erantzuna omen da, Fullaondoren esanetan.
Euskadi Irratiko azken albistegia