logo de eitb24
2008ko irailak 07 | 13:27:13
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Kultura

GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Aitor Mendiluze berriz ere txapeldun, 12 urte geroago

2007/12/17

1995ean jantzi zuen Gipuzkoako txapela lehen aldiz eta 2007ko honetan berriz ere bera izan da onena Illunben. Beñat Gaztelumendi gazteak eman du sorpresa, 20 urterekin eta bere lehen txapelketan, bigarren sailkatuz.

Jendez lepo bete zen Illunbeko zezen-plaza igande arratsaldean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala ikusteko. 8.000 lagun ikusle gisa eta 8 bertsolari aritu ziren kantuan, Saroi Jauregiren gidaritzapean.

Hiru orduko lanaren ondoren, Aitor Mendiluze (Andoain, 1975) eta Beñat Gaztelumendi (Donostia, 1987) igaro ziren txapela irabazteko buruz buruko saiora, gainontzeko seiak atzean utzita. Azkenean, Aitor Mendiluze izan zen garailea 946 punturekin, duela 12 urte lortutako marka errepikatuz, eta bigarren geratu zen, ohore handiz, txapelketako sorpresa izan den Beñat Gaztelumendi, 914 punturekin.

Euren atzetik, Jon Martin izan zen hirugarren, Jon Maia laugarren, Jexux Mari Irazu bosgarren, Aitor Sarriegi seigarren, Unai Agirre zazpigarren eta Iker Zubeldia zortzigarren.

Saio ederra izan zen, orekatua, bizia eta denetariko uneak izan zituena, hunkigarriak eta barregarriak.

Hamaika pankarta izan ziren harmailetan, norbere laguna edo senidea animatuz, eta giro bikaina sortu zen. Guztiek eraman dituzte jarraitzaileak eta guztiek jaso animoak, baina ziur aski, Beñat Gaztelumendi, partaide gazteenaren lagunek eta Iker Zubeldia zegamarraren lagunek (lau autobusetan joan zirela kantatu zuen Zubeldiak) egin zuten "zaratarik" gehien.

Lau orduko lanaren ondoren, txalo zaparrada handia guztientzat eta zorion mezuak izan zjren Mendiluzerentzat. Andoaingo bertsolariak "maite ditudanei eta nautenei" eskaini zien txapela.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta