2007/12/10
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak tramitera onartu du Batasunak bere legez kanporatzearen aurka jarritako helegitea. 2003ko udal-hauteskundeetara aurkezterik izan ez zuen Ametzak plataformaren helegitea, ordea, ez du onartu.
El Mundo kazetak argitaratutako informazioaren arabera, urte amaierarako jakingo da auzitegi europarraren ebazpena.
Erabaki garrantzitsua da: Batetik, Europako auzitegiak auzien %1,5 onartzen ditu soilik eta, bestetik, tramitera onartzen dituzten horietan, kasu gehienetan (%80), auzi-jartzaileari ematen diote arrazoia. Orain arteko erabakiei erreparatuta, onartzen dituen epai gehienetan (%80) Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratzen dela aitortzen du Estrasburgok.
Gainera, Batasunaren errekurtsoa tramitera onartzea aipagarri da, Batasuna ez baita plataforma edo hautesle elkarte bat, ETArekin lotura izatea leporatuta Espainiako auzitegiek legez kanporatu duten alderdi politiko bat baizik. Lehen aldia da Europako auzitegia alderdi abertzalearen inguruko ilegalizazioaz aritzen dela, alderdiaren eta Ametzak bezalako plataformen arteko diferentziak nabarmenduta.
Abenduaren 31 baino lehen jakinarazi beharko dio Europako auzitegiak Madrilgo gobernuari hartu duen erabakia, baina aurretik Batasuneko kideek esateko dutena entzungo du.
Ebazpena eman ondoren, legez kanporatutako zerrendek Europako auzitegian jarri dituzten antzeko hainbat errekurtsoren gainean erabaki beharko du.
Euskadi Irratiko azken albistegia