2007/12/10
Euriak eta haizeak asko korapilatu dute goiza Euskal Herriko hainbat errepidetan. Istripua, auto-ilarak eta bestelako arazoak nonahi izan dira.
Kamioi bat irauli da N-121A errepidean eta bidea itxita dago
Kamioi bat irauli da N-121A errepidean, Irungo irteera parean, Nafarroarako noranzkoan. Errepidea erabat itxita dago inguru horretan eta 14:00ak arte horrela mantenduko dute ibilgailua bidetik ateratzeko lanak egin behar dituztelako. Bestalde, Endarlaza inguruan leherketak ere egin behar dituzte. Ertzaintza A-15etik bideratu du zirkulazioa, beraz, bide hori erabiltzeko gomendioa egin du.
Lur-jausiak
Bestalde, lur-jausiak gertatu dira Bizkaian eta Gipuzkoan, Bi-631 eta Gi-631 errepideetan, hurrenez hurren, baina, Herrizaingo Sailak eitb24.com-i jakinarazi dioenez, ez da auto-ilararik izan errepideotan.
Hain zuzen, Sollube gainean, Bermeora jaisteko bidean eta Zumarragan, Azkoitiarako noranzkoan, gertatu dira arazoak. Bi tokiotan Ertzaintza zirkulazioa bideratzen aritu da. Harriek, lurrak eta adarrek oztopatu dute errepideotan errei bana.
Beste alde batetik, auto-ilarak izan dira Avanzadan, Artatzako tunelen parean, Arrontegirako noranzkoan; auto bat errepidetik atera da eta ondorioz, bidea itxi behar izan dute Bilborako noranzkoan.
A-8an, Portugalete eta Barakaldo artean ere, auto-ilarak egon dira Bilborako noranzkoan.
Autobide horretan bertan istripu ugari izan dira goizean. Donostian, ospitaleen parean eta Irunerako parean eta Zaldibarren, Bilborako noranzkoan, ezkerreko erreia itxi behar izan dute noranzko bietan. Donostian errei bat itxi dute Irunerako noranzkoan eta auto-ilarak izan dira.
A-8 errepidean, Bilbon, Sabino Arana parean eta Donostiarako noranzkoan, auto-istripua gertatu da.
Bestalde, N-240 errepidean, Gasteizerako irteeran kamioi batek eta auto batek talka egin dute. Auto-ilarak izan dira noranzko bietan.
Horrez gain, Ertzaintzak eta Foruzaingoak kontuz gidatzeko gomendioa egin dute, hainbat eta hainbat errepidetan ur putzu handiak daudelako.
Zirkulazio arazo larriak Behobia-Iruña errepidean 18 hilabetez
Bestalde, datozen 18 hilabeteetan Iruña eta Behobia lotzen dituen errepidean egin beharreko lanek zirkulazio arazo ugari eragingo dituztela aurreikusi da, izan ere, astean, gutxienez, bi leherketa egingo dituzte errepidea konpontzeko lanetan.
Euskadi Irratiko azken albistegia