2007/12/09
Atzera begira oroitzapen asko datoz: gaztetxotan lehen poemak idatzi eta lagun literaturzaleen topagune zen, lehen liburua plazaratu eta, gazte-gazte oraindik hura guztia zer zen ondo ulertu ezinik aleak izenpetzen egon nintzeneko zirrara... handik aurrera Susa argitaletxeko standean emandako orduak, "gaur honen liburua ondo mugitu da, pena beste harena zein gutxi saltzen den, ondo lan interesantea idatzi du eta" Nekea, lana, eta poza, gutxien prestatutakoan liatzen den parranda bikaina…Kale aurten. Urrun gabiltza 2007ko abenduan, Kaukaso mendien magalean. Durangora gonbidatu duten herrialdean hain zuzen ere.
Ez dakit askorik hizkuntzalaritzaz, zertan ukatu. Euskara-georgiera ahaidetasunak zale asko ditu paraje hauetan. Merab Tsukhua unibertsitateko irakasleak ez dauka zalantzarik. Udaberrian joango da Bilbora, haren ideien berri norbaitek gehiago jakin gurako balu. Egoera zailean dago Georgia, hala egon da hamabost urtez independentzia eskuratu zuenetik, baina georgiera alde guztietan ageri da. Inbidia ematen du hizkuntzari zeinen indartsu eutsi dioten ikustea. Georgiarrek berriz, gure mendebaldartasunari diote inbidia, Europa "aberatseko" herri txiki baten zelan gabiltzan jakin nahian.
Nugzar Tsiklauri Durangora joatekoa zen, baina ez da Azokan izango, irakurriko zenituzten bisatuen arazoak. Gu Georgiara iristea baino zailagoa da georgiarrak Euskal Herrira heltzea. Pena ematen diola esan digu, "baina espero dut handik esperientzia positiboak ekartzea Durangon egongo diren georgiarrek". Pena handiena, ordea, euskal idazlerik georgieraz ez egotea (eta alderantziz) dela esan digu. Badago georgierazko liburu bat euskarazko, Xabier Kintanak itzulia: XII. Mendean idatzi zuen Xota Rustaveli georgiar poeta nazionalaren Zaldun Tigrelarruduna. "Oso ondo dago Rustaveli euskaraz egotea, noski,baina gaur egileak ere itzuli behar dira. Euskal-georgiar harremanak sakontzeko abiapuntu ezin hobea litzateke gainera itzulpenekin hastea".
Hizkuntzalarietatik haratago, harreman luzea daukagu Kaukaso eskualdearekin, eta ez georgiarrekin bakarrik. Haiekin gerra egin eta elkar gorrotatu arren, euskaldunokiko abegi berbera erakutsi digute abkhaziarrek. Ipar Kaukasoko herria dira, eta haiek ere argi dute euskaldunak ahaide dituztela. Sukhum hiriburuan ezusteko ederra eman zigun Viatxeslav Txirikba hizkuntzalariak: euskara ikasten eta ikertzen dihardu, eta errusiera-euskara eskuizkribu zahar batekin agertu zitzaigun. Hura nahiko ez, ordea, eta hiztegi horretatik abian berak abkhaziera-euskara glosarioa osatu duela esan digu Txirikbak. Hura ere udaberriko kongresuan egongo da Bilbon. Ederra izango zen hain gerra gogorra izan dutenek (georgiar-abkhaziar gerran milaka hildako eta iheslari egon ziren 1992-93an) euskaldunak bitartekari izatea, ezta?
Georgian ere “gehiago” dioskute etengabe. Mandarina bat, sagar bat, ogi apur bat, edozer eskaini izan digute, jator, kalean, azokan, edonon. Arriskutsua ere bada, ardoarekiko eta “txatxa” likorearekiko horrelako zaletasuna daukan herrialdean.
Baina "gehiago" ez da alkohola bakarrik. Harremanak sakontzea esan nahi du "gehiago"k. Kantariak, lehendakaria, politikoak, filologoak, Athletic, zenbat euskaldun ez ote da pasa hemendik. Bilbo-Tbilisi, Gasteiz-Kutaisi, Amurrio… senidetuta daude eta Donostia-Batumi harremana ofizialdu barik dago oraindik. Noizko Georgia edo Tbilisi kaleren bat Bilbon? Tbilisin badaukate Saarbrücken zubia, Alemaniako hiri horretik abian, baina Bilbo edo euskaldunokiko ezer ez oraindik.
1937an hemen izan zen gerra galdu zuen selekzioa da ere. Partida bi jokatu eta biak irabazi zituzten euskaldunek, eta Nugzar Tsiklaurik gogorarazi digu prestatzen ari direla errebantxa.
Eta literatura. Zubi asko dauzkagu, lagun gehiago. Borondate pixka bat eta eginda dago.
Euskadi Irratiko azken albistegia