2007/12/06
Durangoko azokan jende andana ikusi dugu gaur. Batzuentzat jai eguna izaki, aukera paregabea izan da Azokako txoko guztietan barrena ikusmiran ibiltzeko eta oso jende gutxi joan da esku hutsik etxera.
Gauzak horrela, badirudi salmentak martxa onean hasi direla.
554 nobedade ikusi eta entzun daitezke aurten Durangon, baina Azokak ez du liburu eta diskoak erosteko aukera bakarrik eskaintzen.
Euskal idazle eta abeslari ospetsuenekin hitz egiteko aukera ere badago, eta hala, musikariak eta idazleak nonahi topatzeko aukera izan da.
Euren lanen xehetasunak ezagutu eta iritziak partekatzeko aukera ere izan dute jarraitzaileek.
Umorea izan da, gainera, protagonista eta arratsaldean txiki zein nagusiei irribarrea ateratzeko Laster Master Inkomunikazio ikastaroa azkarra izeneko emanaldia eskaini dute. Kike Amonarrizek, Asisko Urmenetak eta Antton Olariagak osatutako hirukoteak barrea eragin diete guztiei.
Euskadi Irratiko azken albistegia