2007/12/05
Frantziako Poliziak Asier Bengoa Lopez de Armentia eta Saio Sanchez Iturregi atxilotu ditu Châteauneauf-de-Randon herrian (Lozereko Departamenduan. Frantzia hegoaldea) ETAko kideak direlakoan.
Hasieratik Capbretonen izandako tiroketarekin zerikusia izan dezaketela zabaldu dute Espainiako berri agentziek. Hala, Frantziako Barne Ministerioak baieztatu berri du Capbretongo atentatuarekin izan dezaketen zerikusia aztertzen ari direla.
Châteauneauf-de-Randon herriko autobus geltokian atxilotu dituzte bi gazteak. Lekukoen arabera, poliziek ezkutatuta itxaron diete geltokian ostatu hartuta zeuden hotel batetik atera diren arte.
Poliziak esan du duela 24 ordu baino gehiago aurkitu dituztela. Ihes egiteko batez ere taxia erabili dutela eta guztira 1.000 kilometro inguru egin dituztela azaldu dute.
Atxiloketaren unean ez diete poliziei aurre egin. Antza denez, pistola bana zeramaten soinean baina ez dute ateratzeko ahaleginik egin. Agiri faltsuak eta diru kantitate handiak atzeman dizkiete, gainera.
Michele Alliot-Mariek goraipatu egin du Poliziaren lana; iragan larunbataz geroztik lanean ari dira Raul Centeno guardia zibila hil eta Fernando Trapero agentea larri zauritu zen atentatuan ustez parte hartu zuten hiru pertsonak atxilotzeko. Trapero gaur hil da zituen zauri larrien ondorioz.
Jendearen deiak
Chateauneuf-de-Randon Frantziako Tolosatik gertu dago, astearte arratsaldean Poliziak kontrol sistema bat jarri zuen inguruan. Kontrola atxilotuak eskualde horretan egon litezkeelakoan jarri zuten.
Poliziak zenbait dei jaso zituen frantsesez Espainiako doinuarekin hitz egiten zuen eta inguru hartatik zebilen bikote baten berri emanez.
Bien bitartean, ETAren hirugarren ustezko kide baten bila ere ari dira, lekukoen arabera, hiru lagun egon baitziren nahastuta tiroketan.
Euskadi Irratiko azken albistegia