2007/12/07
Ez dut akorduan noiz ezagutu nuen Durangoko azoka. Oroimenaren hasieran bila aritu naiz, baina hutsunerik ez dago. Beti egon da hor, alegia, nire bizitzatik haratago egon dela. Agian, kode genetikoan daramat nik jakin barik.
Jonekin gogoratu naiz. Inork ez du Jon ezagutzen. Baina egon badago, amaren barnean bizi da. Berak ere ezagutzen du azoka. Ez du ikusi, ez usaindu; sentitu egiten du. Zarata hotsak min egiten dio. Ama ostikadaz ohartarazi du; amak, aldiz, sabel gainera lauki luzeduna den zerbait paratu dio. Lasaitu gura du. Jonek ez daki zer den esku beroaren ordezkoa. Denborarekin ikasiko du liburu bat dela. Amak egunen batean marrazki koloretsuz beterikoa erakutsi, eta marrazki azpiko zirriborroak hizkiak direla azalduko dio. Amak lotarako hitzak irakurriko dizkio.
Gero, gehiago hazterakoan, hizki horiek istorioak kontatzen dituztela esango diote eskolan.. Eta urtean behin, Durangora itzuliko da. Akaso, urte asko barru norbaitek galdetuko dio azokaz. Berak ez du azaltzen jakingo. Hitz batzuk azal dezaketena baino gehiago begitanduko zaiolako. Karrajoetatik barrena amak erosi ez dion diskoaren bila abiatuko da. Abenduko zubia heltzear dagoenean oroituko du Durango. Liburuak eta diskoak. Ordurako auskalo zer salduko ote den azoka honetan. Hori dena, ordea, Jonen etorkizuna da. Orain, amaren sabel barru beroan dagoelako. Handik burrunbada urruna entzuten du, eta amari ostikoa eman dio. Amak esku beroa paratu beharrean, lauki luzea den zerbait paratu dio. Liburu bat da.
Euskadi Irratiko azken albistegia