2007/12/01
ETAk iragan ekainaren 5ean su-etena bertan behera utzi zuenetik, gaurko atentatua da hildakoak eragin dituen lehena.
Gainera, su-etena amaitu zenetik lau atentatu egin ditu ETAk, baina horiei sei atentatu saiakera batu beharko litzaizkioke.
Biktimak eragin zituen azken atentatua 2006ko abenduaren 30ean Barajas aireportuko T-4an izan zen. Orduan, Diego Armando Estacio eta Carlos Alonso ekuatoriarrak hil ziren.
Ordutik, zaurituak eragin dituen atentatu bakarra Bilbon izan da. Juan Carlos Dominguez Gines Galdakaoko PSE-EEren zinegotziaren eskolta zauritu egin zen autoaren azpian zuen lehergailuak eztanda eginda.
Irailaren 25ean Zarauzko Ertzainetxearen ondoan lehergailu batek eztanda egin zuen eta kalte material handiak eragin zituen.
Irailaren 2an, Fuenmayorren (Errioxa) AP-68 errepidean indar gutxiko lehergailu bat zartarazi zuten. Egun hartan, ETAren izenean deia jaso zuen DYAk eta lehergailu horretaz gain beste bost errepidetan beste hainbeste lehergailu ipini zituztela ohartarazi zuen.
Abuztuaren 24n, Durangoko Guardia Zibilaren kuartelaren ondoan auto batek eztanda egin zuen eta bi agente arin zauritu ziren, kalte larriak eraginez.
Uztailaren 25ean ETAk bi lehergailu txiki jarri zituen Frantziako Tourra igarotzen zen errepidetik gertu. Ez zen zauriturik edo kalte materialik izan.
Ekainetik hona hainbat atentatu saiakera izan dira. Besteak beste, Getxon azaroaren 11n jarritako lehergailua eta Castellon zartarazi zuten autoa.
Irailaren 9an, Logroñoko Defentsa Ministerioaren egoitza parean 61 kilo lehergailurekin zegoen bonba-autoa desaktibatzea lortu zuen Polizia Nazionalak.
Euskadi Irratiko azken albistegia