2007/12/01
Guardia zibil bat hil da gaur eta beste bat larri zauritu Capbreton herrian (Frantzia, Landetako Departamendua), Baionatik 30 kilometro iparraldera, ETAko ustezko kide batzuek tirokatuta.
Hildako agentea Raul Centeno Pallon (24 urtekoa) da, eta larri zauritutakoa Fernando Trapero Blazquez (23 urtekoa).
Fernando Trapero Baionako Ospitalean dute. Medikuek arratsaldeko azken orduan informatu dutenez, agentea koman dago, "oso larri". Burezurrean eta burmuinean traumatismoa du bala zauri baten ondorioz. Gainera, burmuinean edema handia dauka.
Medikuek igande honetako 09:10ean emango dute hurrengo osasun agiria.
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak jakinarazi duenez, bi agenteak "terrorismoaren kontrako behaketa operazio batean" parte hartzen ari ziren, Frantziako Poliziarekin batera.
Agenteek ez zeramaten armarik
Ikerketako iturriek jakinarazi dutenez, atentatua 09:30ean jazo da, Capbretoneko merkataritza-gune batean. Une horretan, bi espainiar agenteak armarik gabe zeuden eta, auto ofizial batean igotzear zeudenean, ETAko ustezko kide batzuek tiro egin diete.
Bi poliziak gainerako agenteengandik urrun zeuden eta, beraz, besteak ez dira gertatutakoaz ohartu.
Rubalcabaren esanetan, atentatua ez zegoen prestatuta. Hau da, ETAko ustezko kideek bat-batean erabaki dute tiro egitea, agenteak aurrez-aurre topatu dituztelako.
Eztabaida izan dute ETAko ustezko kideekin
Zer gertatu den zehaztean, Rubalcabak zera azaldu du: "Bi agenteak kafe-etxe batean sartu dira, han ETAko ustezko hiru kide zeuden eta, ez dakigu nola, baina poliziak ezagutu egin dituzte, eta agenteak kalera atera direnean, ETAko hiru kideak, bi gizon eta emakume bat, atzetik joan dira. [Kanpoan] eztabaida izan dute, eta tiroketa izan da".
Edonola ere, Barne ministroak argitu du ikerketak baieztatu egin beharko duela hori. "Antza denez, kafe-etxe barruan oihuak entzun dituzte, beraz, badirudi eztabaida izan dutela edo elkarrekin hitz egin dutela", gaineratu du.
Ihesaldian emakume bat eta ume bat atxiki dituzte
Frantziako Polizia bi gizonen eta emakume baten bila ari da, atentatuan parte hartu duten ETAko kideak direlakoan.
Ikerketako iturrien arabera, hirurek Volkswagen Golf batean ihes egin dute merkataritza-gunetik. Ondoren 70 kilometro ibili dituzte eta Haut Maucoyn utzi dute ibilgailua. Han beste bat ostu dute, eta barruan zeuden emakume eta ume bat atxikita izan dituzte.
Handik eta ordu batzuetara, Leognan herrian, Bordeletik gertu, aske utzi dituzte, onik.
Euskadi Irratiko azken albistegia