Politika

18/98 - ATXILOKETAK

Alderdi gehienak neurrien aurka agertu dira

2007/11/30

Euskal alderdi gehienek polizia-operazioa salatu dute, PPk izan ezik. Carmelo Barrio pozik agertu da atxiloketak izan direlako. Batasunak PSOEri eta EAJri egotzi die atxiloketen ardura.
Xabier Maria Salutregi, Egin egunkariko zuzendario ohiaren atxiloketaren unea. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Xabier Maria Salutregi, Egin egunkariko zuzendario ohiaren atxiloketaren unea. Argazkia: EFE

EAJ

Iñigo Urkullu EAJren BBBko presidenteak agiri baten bidez adierazi duenez, "makroprozesu hau, iraganeko gertakari bat da, PPren Gobernuaren babespean hasi zena". Auzi honetan demokrazia bati dagozkion jarraibide judizialik izan ez dela nabarmendu du.

Eusko Alkartasuna

Onintza Lasa EAren Komunikazio arduradunak uste du "inpultso politiko baten ondorioz egindako polizia-operazio" baten aurrean aurkitzen garela. "Demokrazian dena ez da zilegi; guztia ETA denaren argudioa ezin da erabili", erantsi du.

Ezker Batua

Oskar Matuteren iritzian, atxiloketak hauek "tentsioa eta sumina areagotzea dute helburu, izan ere, auzipetuek ihes egingo dutenaren arriskurik ez dago". 18/98 prozesua "zirku mediatiko eta politikotzat" jo du.

Aralar

Aralarrek salatu du "prozesu guztia aberrazio juridiko bat" izan dela. Elkartasuna adierazi die atxilotuei eta horiek ordezkatzen dituzten erakundeei, eta atxiloketak epaia ezagutu aurretik egin izana salatu du.

PP

Carmelo Barrio EAEko PPren idazkari nagusia, aldiz, pozik agertu da gertatutakoarekin, eta polizien jarduna txalotu du, operazioa “ETA garaitzeko” egin delakoan. "Gaur gertatu dena normala da Zuzenbide Estatu batean", esan du.

ANV

ANVk nabarmendu du atxiloketek "argi" erakusten dutela euskal herritarrek "inoiz" baino arrazoi gehiago dituztela independentziaren alde egiteko. Alderdi abertzaleak Espainiako Gobernua kritikatu du, euskal gizartearentzat duen eskaintza bakarra “Konstituzioa eta errepresioa” direlako.

NaBai

Maiorga Ramirez NaBaiko bozeramaileak atxiloketak salatu ditu eta operazioa gauzatzeko hautatutako unea ere kritikatu du, hauteskunde kanpainaurrea delako. Gainera, kexa agertu du, atxilotutakoetako batzuek konpromisoa agertu dutelako askatasunen eta giza eskubideen defentsan.

Batasuna

Batasunak "oso larritzat" jo ditu atxiloketak, eta PSOEri eta EAJri egotzi dizkie. Bi alderdi horiek gaur egungo Konstituzioa iraunarazi nahi dutela eta EAEko Estatutua eta Nafarroako Foru Hobekuntza erreformatuz independentziari "ateak itxi" nahi dizkiotela esan du.

Askatasuna

Askatasunak azpimarratu du atxiloketa hauen bitartez "oinarrizko eskubide demokratikoak" ukatu dituztela, "edozein demokraziatan eskandalu politiko izugarria suposatuko lukeen eskubideen ukazioa hain zuzen ere". "Inoiz baino gehiago herri bezala kalera ateratzeko garaia da", agertu du.

ELA

ELA sindikatuak iritzi dio Auzitegi Nazionalaren agindua "astakeria" izan dela, eta erabakiak "Ordena Publikoaren Auzitegi frankista" gogoratzen diola. Ohar batean, sindikatuak azpimarratu du prozesuak ez duela oinarri juridikorik eta erabaki politiko baten ondorio dela.

LAB

LAB sindikatuaren ustez, operazioa "beste eraso" bat izan da, "ez bakarrik zuzenbide zibil eta politikoen aurka, baizik eta Herri honek aldaketa politiko eta soziala egiteko dituen gogoen kontra ere". Ohar batean, LABek "PSOEren Gobernuak elikatzen duen estrategia juridiko eta politiko" honen aurka protesta egiteko deia egin die langileei.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta