Durangoko Azoka

ELKARRIZKETA

Fredi Paia: "Bertsoak ikuspegi literario batetik landu nahi genituen"

2007/12/06

Paia neba-arrebek (Fredi, Xabi eta Itsaso) eta Unai Elorriaga idazleak 'Oroimenaren lupa' ikuskizuna eskainiko dute gaur Durangoko Azokan. Ikuskizun "berezia" izango dela agindu Fredi Paiak.
Paia neba-arrebak. Argazkia: Durangoko Azoka

argazkia handitu

Paia neba-arrebak. Argazkia: Durangoko Azoka

eitb24.com: Paia neba-arrebak eta Unai Elorriaga (hiru bertsolari eta idazle bat). Hau koktela!

Fredi Paia: Gure ibilbide pertsonala ezagutu ezik, bai izan daiteke harrigarria, baina guretzat naturala izan da. Unai (Elorriaga) gaztetik ezagutzen dugu, bertso eskolan-eta gurekin ibilitakoa da eta esan dezaket bat-bateko trebakuntza berarekin ikasi nuela. Askotan txapelketetarako entrenatzeko berarekin geratzen naiz. Hartu eman handia izan dugu.

Berak bazuen gogoa bertsoen munduan zer edo zer egiteko eta Durangorako aukera eman zigutenean, deitu egin genion. Pozik hartu zuen.

eitb24.com: Erraza al da neba-arrebekin lan egitea?

F. P: Badakizu, konfiantza dagoenean elkarlana ez da oso erraza izaten. Baina, beno, oso ohituta gaude elkarrekin aritzen. Bertsotan arituko gara eta musika ere guk joko dugu. Xabik eta biok piano karrera egin dugu. Anaiak zeharkako flauta jotzen du eta nik biolina. Ohituta gaude elkarrekin jotzen, gainera talde batekin aritu gara azkenaldian. Berrikuntza agian arrebarekin da, Itsasorekin. Xabi eta biok beti ibili gara elkarrekin, urtebeteko diferentzia baitaukagu, baina Itsasorekin 7 urteko diferentzia dago. Berak gitarra jotzen du.

eitb24.com: Zergatik 'Oroimenaren lupa'?

F. P: Leit motiv bat nahi genuen, lanari osotasuna emateko. Oteizaren Quosque tandem liburutik hartu nuen ideia. Pertsonaien bizitza eta gure bizitzako pasarte txiki batzuk erabili ditugu. Tarte txikiak dira, igual bi segundotakoak, baina gero denboran dilatatzen direnak eta garrantzitsuak bilakatzen direnak.

eitb24.com: Zer aurkituko du zuen ikuskizunera hurbiltzen denak?

F. P: Oso gauza berezia. Prosan ohituta dagoen idazle bat eta bertsoak eta musika egingo duten hiru bertsolari. Ariketa literario bat proposatu nahi dugu. Barne esperimentaziorako ere erabili nahi dugu. Izan ere, kanpoko inprobisadoreek musika erabiltzen dute, Euskal Herria da salbuespen bakarra. Guk bertsoak ikuspegi literario batetik landu nahi genituen.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta