2007/12/09
eitb24.com: Bosgarren diskoa: Morphina. Zerk eta nori eragindako mina leundu nahi duzue?
Aiora Renteria: Munduak pertsonei egiten dien mina. Ikusten badugu zer nolako erritmoa daramagun denok gure bizitzan eta munduan, bistakoa da min hori.
Musika baretzeko eta samin horiek kentzeko erabili nahi dugu.
eitb24.com: Aldaketa hitza aipatu duzue diskoa deskribatzeko. Zertan izan da moldaketa?
A. R: Musikan. Eboluzionatu dugu diskotik diskora. Gorputzak eskatzen zigun beste musika bat egitea eta nik uste disko dibertigarria lortu dugula. Abestiak oso ezberdinak dira euren artean eta aldaketa nabaria da. Estiloa aldatu dugu eta baita abestiak egiteko modua ere.
eitb24.com: Zuen azken bi diskoak -Sortuz, grabitatearen aurka (2005) eta Morphina (2007)- autoprodukzioak izan dira. Disko salmenta krisiaren ondorio?
A. R: Jendeak hori esaten du baina azken batean diskoetxeek hartu duten postura bat da. Pilo bat urte igaro dira krisian gaudela diotenetik eta diskoak ateratzen jarraitzen dugu. Durangorako ere disko berri asko egongo dira. Egia da horrek eragina izan duela baina lanean jarraitzen dugu. Azkenean jarrera kontua da.
Guretzat errazagoa da guk dirua jartzea eta guk ateratzea. Gustura geratu gara.
eitb24.com: Zea Mays primeran aritzen da zuzeneko emanaldietan. Urte hauetan nola eboluzionatu du kontzertuen egoerak?
A. R: Pilo bat kontzertu daude, astebururo aukera handia dago. Musika gehien mugitzen den alorra zuzenekoak dira. Nahiko leku daude eta baldintzak asko hobetu dira. Pozik gaude.
Guri ez zaigu inoiz kontzerturik falta. Martxora arte ez dugu kontzerturik emango (bateriajoleak umea eduki berri du) baina hortik aurrera asko ditugu. Zuzeneko taldea gara gu. Indar asko jartzen dugu taula gainean.
eitb24.com: Taldeak 10 urte. Euskal eszenan nahikotxo da hori. Zer balorazio egiten duzue?
A. R: Izugarria. Hasieratik laurok egon gara eta lagunak gara, taldekideak izateaz gain. Jendea gure musikarekin emozionatzen dela ikusteak guretzat ez dauka preziorik.
Euskadi Irratiko azken albistegia