2007/12/07
eitb24.com: Autobiografikoa da zure azken lana (La fiesta en la habitación de al lado, euskaraz, Festa aldameneko gelan). Barruak husteko beharra sentitzen al zenuen?
Mariasun Landa: Ez da hori. Autobiografiek ordenatzeko balio dute, iragana argitzeko. Gainera, konbentzituta nago iragana modu narratiboan antolatuta daukagula. Hortik abiatu naiz. Nik lau urte eman nituen Parisen baina liburuan bakarrik lehenengo urtea kontatzen dut. 19 urte nituela, 68ko udaberriaren osteko udazkenean heldu nintzen. Hilabeteotan izandako lana, gorabeherak, etxetik alde egitea zer izan zen… hori kontatu dut.Azken batean, garai hartako neska gazte batek etorkizunari begira zituen asmoak azaltzea izan da.
eitb24.com: Zer nolako egoera topatu zuen neskato hark 68ko Parisen?
M. L: Batez ere, askatasuna, hemen ez geneukana. Eta hizkuntza berri bat, alde horretatik hizkuntzaz eta literaturaz gozatzeko aukera izan nuen. Gogora ekarri behar da Paris emigranteen hiria zela, espainiar asko zeuden. Ni ere emigrante bezala tratatu ninduten. Alde horretatik, esplotatu samar sentitu nintzen lan egin nuen etxeetan. Etxez etxe ibili nintzen eta eman zidaten argudioa hori zen, emigrantea nintzela.
Protagonista alderdien, literaturaren eta askatasunaren mundura doala uste du baina gero bizitza errealarekin egiten du topo. Gogorra izan zen. Heziketa eta formazio garaia ere izan zen niretzat.
Horrez gain, Paris antifrankisten hiria zen, politikoena eta hainbat pertsonaia ezagutu nituen.
eitb24.com: Haurrentzat idatzi duzu, gehienbat. Oso irakurle zorrotzak direla diote, orain helduei zuzendu zara. Gehiago kostatu al zaizu?
M. L: Nik ez dut jauzia ikusten. Nik autobiografia erabili izan dut haurren literaturan, mozorrotuta bada ere.
Literatura gela askodun etxea gisa hartzen badugu, hau beste gela bat da. Handiagoa, akaso.
100 orrialde pasatxo ditu liburuak eta alde horretatik kostatu zait. Ni narrazio laburretara nengoen ohituta. Bai erronka izan da, arriskatu egin naiz.
eitb24.com: Erdaraz idatzi duzu liburua, baina itzulpena Jesus Lasaren esku utzi duzu. Zer dela eta?
M. L: Ni 23-24 urterekin hasi nintzen euskalduntzen, Parisetik etorri berritan. Nire baitara erdara etortzen zitzaidan, eta erdara diodanean, gaztelera eta frantsesa zetozkidala esan nahi dut.
Beraz, barne istorio horri, gogoari jarraitu diot liburua idazteko.
Proba batzuk egin nituen euskararekin baina gogoak gaztelera eskatzen zidan, eta frantsesa ere bai. Frantsesa asko agertzen da liburuan.
Itzulpenari dagokionez, nik uste oso ondo geratu dela. Esperientzia polita izan da beste idazle batekin aritzea, maniak ikustea. Polita izan da konpartitzea.
Euskadi Irratiko azken albistegia