Durangoko Azoka

ELKARRIZKETA

Ken Zazpi: "Ospea etiketa bat da, musika egitea da garrantzitsuena"

2007/12/05

Argiak diskoan, kantak grabatu dituzte Ken Zazpikoek, eta gero, Rafa Sardina ekoizle ezagunak nahastu ditu AEBetan. "Maila pertsonal eta profesionalean oso aberasgarria izan da", Eñaut Elorrietako abeslariaren berbetan.
Ken Zazpi. Argazkia: Oihuka

argazkia handitu

Ken Zazpi. Argazkia: Oihuka

eitb24.com: Argiak laugarren lana duzue. Aurrekoak oso arrakastatsuak izan dira. Euskaraz egiten den pop musikaren gailurrean sentitzen al zarete?

Eñaut Elorrieta: Ez, ez dakit. Suerte handidun taldea garela uste dugu. Gure musika eta gure kantak egiteko aukera dugu, eta jendeak, gainera, gustuko du. Kontzertuetara jende asko etortzen da eta horrek asko betetzen gaitu. Ospearen kontu hori etiketa baino ez da, beste gauza batzuk dira garrantzitsuak: jarraitzeko aukera izatea edo guk egin nahi dugunari eustea.

eitb24.com: Lan egiteko modu ezberdina izan duzue. Rafa Sardina ekoizle ospetsuak nahasketak egin ditu Los Angelesen. Gustura?

E. E: Bai, lan egiteko era berri bat izan da guretzat. Orain arte produkzioa guk kontrolatzen genuen eta halakoetan delegatzea ez da erraza izaten. Esperientzia hau aberasgarria izan da maila pertsonalean eta profesionalean. Teknikoki ekarpen handia da. Rafak ez zuen gure lana ezagutzen – ia 17 urte daramatza Euskal Herritik kanpo – eta gure musika hotzean hartu du, objektiboki.

Helburua zen gure nortasuna eta identitatea errespetatzea, baina Rafaren esperientzia aprobetxatuta. Bere esperientzia gure esku utzi du. Lan hau %100ean da Ken Zazpi.

eitb24.com: Diozuenez, 12 kantek itxaropena dute komunean. Musikari askok diote melankoliatik edo minatik idaztea errazagoa dela. Zuen kasua ez da hala, orduan?

E. E: Tira, itxaropenak ere badu pixka bat hortik. Argiak du izena diskoak eta guretzat horrek indarra, ilusioa, ametsak eta itxaropena esan nahi du.

Argiak baino laino gehiago dauden garai honetan, guk egiten dugun ekarpena da. Itxaropena landu dugu ikuspegi ezberdinetatik, egun ditugun kezkak muga izan ditugu baina itxaropenean sinisten dugu, bidean aurrera egitean posible dela.

eitb24.com: Disko salmenta krisi itzela dagoenez, inbertsioa ez berreskuratzearen beldur al zaudete?

E. E: Gu hasi ginenean krisia hor zegoen. Krisiak krisi, euskal musikak aurrera egin du eta aurrera egingo du. Euskal Herrian gauza asko esan dira musikaren bitartez eta, guk uste, etorkizunean ere hala izango da. Mundu mailako krisi horretan, Euskal Herria bezalako merkatu txiki batean, disko eta liburu asko argitaratzen dira. Hori baloratu, gorde eta babestu beharrekoa da. Jendea horrekin jabetu behar da.

eitb24.com: Durangoko Azoka ote da diskoak barra-barra saltzen diren gune bakarra?

E. E: Hori diskoetxeek azalduko lukete hobeto. Gure kasuan, lehenengo aldia da Durangoko Azokarako diskoa prestatzen dugula. Ez gara merkatu arrazoiengatik mugitzen, beste lehentasun batzuk ditugu. Egia da diskoetxeentzat garrantzitsua dela eta horrek ere eragiten gaitu.

Salmentarako leku ona da Durango, baina gure aldarrikapenen defentsa egiteko tokia ere bada.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta