-X-noticia-X-

EUSKARAZKO ALBISTEGIETARAKO

EiTBk esku-liburua aurkeztu du, "albiste testu-bikainak" helburu

2007/11/29

Euskarazko albistegietarako esku-liburua II -k EiTBko euskara zerbitzuko lan taldearen eta kazetarien elkarlanaz landutako irizpide eta ereduak biltzen ditu.
Miren Azkarate Kultura sailburuak, Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruak eta Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusiak ireki dute. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Miren Azkarate Kultura sailburuak, Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruak eta Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusiak ireki dute. Argazkia: EiTB

EiTBk 25 urte daramatza informatzen eta beste horrenbeste euskarazko albistegietarako hizkera lantzen. Hain justu, EiTBko euskara zerbitzu lan taldeak kazetarien eguneroko lanerako baliogarria izango den liburua egin berri du: Euskarazko albistegien esku-liburua II.

Aurkezpena Bilboko egoitza nagusian egin dute gaur. Jardunaldia Miren Azkarate Kultura sailburuak, Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruak eta Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusiak ireki dute, eta goiz osoko egitaraua prestatu da, albistegietako hizkeraren gainean aritzeko.

Euskarazko albistegietarako esku-liburua II-ren abiapuntu modura ideia bat dago: "Irratian edo telebistan ari den kazetariak komunikatzeko darabilen estrategia nagusietako bat albiste testu-bikainak prestatzea da".

Ideia hori garatzeko, bost kapitulu egin dira liburuan. Lehen kapituluan, albiste-testuen ezaugarriak aztertzen dira. Bigarrenean, egitura eta antolamendua. Hirugarrenean, albiste-testuetako bost koordenatuak (nor, zer, noiz, non eta zergatik). Laugarren kapituluan, eduki nagusiak. Bosgarrenean, ahoskera eta doinuera.

Kapitulu bakoitzean hainbat sail egin dira. Sail bakoitzaren hasieran "Deskribapena" deritzon atala dago, testuan erabiltzen diren terminoak finkatzeko. Horren ondoren azalpen labur bat jarri da, sailaren sarrera gisa. Atzetik "Aholkuak" datoz. EITBren informazio-hizkeraren eredua aholku horietan bildu da.

Argigarri modura, testua adibide ugariz hornituta dago. EITBren bikaintasun-ereduarekin bat datozen adibideak urdinez markatuta daude, eta bat ez datozenak, laranjaz. Bat ez etortzeak ez du esan nahi okerra izatea. Horrenbestez, laranjaz ageri diren adibide asko zuzenak dira, baina EITBko albistegietarako beste batzuk hobesten dira.

Erabiltzaileari laguntzeko asmoz, lehendabizi, orrialde bakarrean, kapitulu eta sail guztien eskema ipini da. Horren ostean aurkibide-laburpena dator, aholku guztiak laburbildu eta aholku bakoitzari dagokion orrialdea seinalatzeko. Liburuaren amaieran gaikako aurkibidea dago, testuan aipatzen diren hitz eta egitura guztien zerrendarekin.

Eguneroko lana oinarri

Euskarazko albistegietarako esku-liburua II prestatzeko oinarria, horrenbestez, egunez eguneko lana izan da: EITBko kazetarien kontsultak eta zalantzak, hizkuntzalarien azalpenak eta argibideak, eta, batez ere, elkarrekin pentsatutako testuak, elkarrekin landutako irizpideak, eta elkarrekin sortutako ereduak.

Hori dena hizkuntza-orri baten formatuan gordetzen da, eta EITBko kazetari guztiei zabaltzen zaie, 1993ko urrian hasita. Lehenengo urteetan enpresa barruko ekimena izanda, 2004ko maiatzean orririk interesgarrienak kanpora zabaltzen hasi ziren, Azpeitiko Euskara Patronatuaren www.erabili.com webgunearen bidez.

Ekimen hori oso garrantzitsua izan da EITBtik kanpoko iritziak eta oharrak jasotzeko. Kanpoko ekarria funtsezkoa zela iritzita, Euskarazko albistegietarako esku-liburua II-ren lehen bertsioa gertu zegoela, Euskal Herriko hainbat unibertsitate-adituri eskatu zitzaien esku-liburua azter zezaten. Prozesu horren guztiaren ondorioa da esku-liburuan hainbat zuzenketa eta hobekuntza egin ahal izan direla.

Liburuan ez da bibliografiarik ipini, baina han-hemenka beste liburu batzuetatik jasotako aipuak ageri dira, testuan esaten dena berresteko, eta esku artean erabili diren erreferentzien berri emateko.

EiTBk sortu zuen ikus-entzuneko euskara

Asier Larrinaga ETBko Euskara Zerbitzuko arduradun eta liburuaren egileak eta lehen esku-liburua idatzi zuen Manu Arrasatek EITBko egoera azaldu dute. Horrez gain, Maria Alba Agullo eta Salvador Perez TV3 eta TVG telebistetako hizkuntza-arduradunek Kataluniako eta Galiziako egoeren berri eman dute. Amaieran, EHUko eta Deustu, Mondragon eta Paueko unibertsitateetako adituek (Juan Garzia, Rosa Miren Pagola, Beatriz Zabalondo eta Beñat Oyharçabal) parte hartu dute.

Euskal Irrati Telebista komunikazio-taldeak 25 urte egiten ditu 2007. honetan. EITBren aurretik baziren euskarazko irrati batzuk eta euskarazko telebista-saioren bat, baina ez da gehiegikeria esatea ikus-entzuneko euskara EITBk sortu duela. Ezagutza hori ez da goizetik gauera eratu, urratsez urrats baizik.

Urrats aipagarrienetako bat 1992an egin zen, EITBren 10. urteurrenean, Manu Arrasatek ordura arteko bidea Euskarazko albistegietarako esku-liburua-n jaso zuenean. Ostegun honetan Bilbon aurkezten den lana beste haren oinordekoa da, izenean, edukian, eta filosofian: ez da estilo-liburu bat, baizik eta kazetarientzako lanabes bat, joan den hamabost urtean EITBk albiste-testuei buruz bildutako ezagutza jasotzen duena.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta