
2007/11/27
Realaren zati handia erosteko interesa duen talde txinatarrarren buruan dagoen Iñaki Badiola komunikabideen aurrean agertu da astearte honetan. Donostiako taldeko presidente-kargurako hautagai bakarra da bera eta Donostian eman du bere egitasmoaren berri.
Erantzukizuna eta konpromisoa agindu ditu, baina Realaren diru kontuak nola dauden ikustea ezinbestekotzat jo du ezertan sartu aurretik.
Badiolak aurreratu ditu hainbat diru-sarrera eta aipagarriena Anoeta futbol-zelaiaren izen-aldatzea da, Beijing 2008 Arena eta Shangai 2010 Arena dela medio. Elastikoei prezio lehiakorrago bat jartzeko asmoa azaldu du eta baita "duty free" dendak zabaltzeko ideia. Boltsan inbertitzeko aukera ere aurreratu du Badiolak.
Chris Coleman entrenatzailearen inguruan ez da mintzatu Iñaki Badiola; beraz, Galeseko teknikariaren etorkizuna zehazteke utzi du enpresari gipuzkoarrak. Jokalariei dagokienez, Badiolak 110 futbolarirekin hitz egin dituztela adierazi du, baina ez du izenik aditzera eman. Hasiera batean, maila goreneko lau jokalari etorriko lirateke (hiru utzita eta beste bat fitxatuta). Halaber, kanpoko jokalariez gain, harrobiko lanarekin osatuko lukete Realaren plantila.
Zortzi kide Administrazio Kontseiluan
Badiolak jakinarazi duenez, Realeko Administrazio Kontseiluan zortzi kide izango lirateke, horien artean, Badiola bera, Beatriz Ugarte, Iñaki Iraola, Jorge Fernandez, Iñaki Soto eta Seng Bai Ye txinatarra, besteak beste.
Badiola presidentea izango litzateke eta futbolaren hiru pertsonai ospetsu izango lituzke bere ondoan aholkuak emateko. Horrez gain, 17 pertsonek osaturiko batzordea egongo litzateke proiektuaren nondik norakoa zuzentzeko. Lan talde hau independentea izango litzateke.
Kirol-zuzendariak, finantzazio-zuzendariak, merkadoteknia-zuzendariak eta Txinako, Japoniako eta Indiako proiektuaren beste arduradun batek osatuko lukete administrazio taldea.