2007/11/27
Pou anaiek “7 Pareta, 7 Kontinente” egitasmoaren barnean antolatutako zazpigarren eta azken urratsa beteko dute urte honen amaieran. Antartikako paraje babesgabe, latz eta urrunera joango dira oraingo honetan Iker eta Eneko Pou. Euren eskuekin kontinente zuriko haitz izoztuak eskalatzea izango dute helburu. Mundu bira berezia osatzen ari dira Iker eta Eneko Pou “7 Pareta, 7 Kontinente” egitasmoaren baitan; Lurrean diren zazpi pareta eder, enblematiko eta zailenak aukeratu dituzte eskalatzeko.
Sei urrats osatu dituzte jada eta orain azken abentura bizitzeko prest dira, Jabi Baraiazarra eta Gotzon Arribasekin batera. Aurrekoetan bezala, ETBko lankideek ere ahaleginean esku hartuko dute, irudiak jaso eta espedizioaren berri emateko. Antartida EITB 2007 izenarekin bataiatu den proiektua astearte honetan, hilak 27, aurkeztu da EITBren Bilboko egoitza nagusian. Espedizioa abenduaren 5ean abiatuko da. Usuahiako portu mitikoan (Hegoamerikako hego muturrean) itsasoratuko dira. Hornos lurmutur beldurgarria igaroko dute eta Drake itsaso arriskutsutik nabigatu ostean helduko dira euren azken jomugara: Cabo Renart Towers.
EITB komunikazio taldeko medio guztiek arretaz jarraituko dute Pou anaien abentura berri hau. Telebista zein irratietako albistegi eta kirol saioetan informazio zehatza eskainiko dute, baita www.eitb.com web gunean ere. www.eitb24.com gunean, kirol tartean ez ezik, mendiari eskainitako blogean jorratuko dute gaia.
7 Pareta, 7 Kontinente
2002. urtean jaio zen Iker eta Eneko Pouren egitasmo bitxi eta erakargarri hau. Besteontzat ezinezkoak ziren ametsak gauzatzea zen Gasteizko bi eskalatzaileen asmoa, eskalada munduan mugarri berriak ezarriz.
Kontinente bakoitzeko pareta bat aukeratu zuten, euren ustez eskalada librean igotzeko zailenak zirenak. Pareta horiek eskalatzeko aukeratutako bideak ere zailtasun gorenekoak izan dira. 2003an Ipar Amerikan eta Europan izan ziren, Yosemiteko Parke Nazionaleko El Capitan eta Picos de Europako Naranjo de Bulnes eskalatzen. 2004an Madagaskar (Afrika) irlara joan ziren, Tsaranoro paretak igotzera. Hurrengo urtean Tasmanian (Ozeania), Totem Pole, munduko pareta estetikoena, eskalatu zuten, eta urte hartako udan bosgarren urratsa bete zuten, Himalayako (Asia) Izen Gabeko Dorrea. Seigarren helburua Patagonian zuten. Bigarren ahaleginean lortu zuten Fitz Roy, eskalatzeko Lurreko mendirik zailenetakoa omen dena.
Euskadi Irratiko azken albistegia