2007/11/25
Gaur, igandea, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko eguna da, eta ekitaldi ugari deitu dituzte Euskal Herrian.
Pilar Sampeiro, Flor Maria Camacho eta Asunción Villalba. Horiek dira aurten, emakumeenganako indarkeriaren ondorioz Euskal Herrian hil dituzten hiru emakumeak. Hirurak senarrak edo bikotekideak hil zituzten. Horien izenean nahiz Estatuan hil direnenomenean hamaika ekimen ospatu dira hainbat tokitan.
Goizean goiz, ekitaldi sinbolikoa egin dute, adibidez, Burlatan, aurten euren senar, bikote edo bikote ohiek hildako 69 emakumeen siluetak, izen-abizenekin, jarriz bata bestearen ondoan. Era horretan, bizirik baleude beteko luketen tokia irudikatu nahi izan dute. Ondoren, lazo moreak banatu dituzte.
12:30ean, Donostiako Emakumeek eta Feministek deitutako manifestazio bat irten da Boulevarretik. Ordu berean, kontzentrazio bat izan da Bilboko Arriaga Antzokiaren aurrean. Bertan, egoera horrekin amaitzeko laguntza eskatu zaie bai Administrazio publikoei baita komunikabideei ere, eta deialdi berezia egin zaie gizon eta emakumeei tratu txarren konplize bihur ez daitezen.
13:00ean, beste bi manifestazio izan dira Gasteizen eta Iruñan. Gasteizen, ehunka lagunek hartu dute parte Emakumeekiko Indarkeriaren Kontrako Plataformak deitutako protestan eta lazoak banatu dira. Iruñan, Teresa Saralegui Indarkeria Sexistaren kontrako Emakumeen Plataformako bozeramaileak adierazi du guztion ardura dela arazo horri aurre egitea. Era berean, Zapateroren Gobernuak hartutako neurriak "positibotzat" jo dituen arren, oraindik "motz" geratzen direla esan du.
Arratsaldean,17:00etik aurrera, Acovidemek deitutako manifestazioa izan da Donostian. Manifestazio horretan, besteak beste, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak, Izaskun Moyua Emakundeko zuzendariak eta Jokin Bildarratze Eudeleko presidenteak hartu dute parte. 18:00ak eta 18:30ak bitartean, agiri bat irakurri dute antolatzaileek eta instituzioei "beste era bateko arazoen aurrean hartzen diren neurrien zorroztasun berberaz jokatzeko arazo horren aurrean" eskatu diete.
Hiru emakume euren bikotekideen esku hilda EAEn eta Nafarroan
Aurten bi emakume hil dira eta 934 zauritu EAEn, tratu txarrak direla eta. 783 gizon atxilotu ditu Ertzaintzak dagoeneko, bikotekideari mehatxatzea edo erasotzea, edo urruntzeko agindua haustea egotzita. Lehen 10 hilabeteetan, gainera, 2.357 salaketa jarri dira. 11 emakumek eskolta daramate eta 200 baino gehiagok ‘Bortxa’ telefono bat dute, Ertzaintzarekin kontaktuan mantentzeko.
Nafarroan emakume bat hil da bere bikotekideak labankatuta eta Nafarroako auzitegiek 769 kausa tramitatu dituzte emakumeen kontrako indarkeria dela eta. Lesioak eragin dituzten mota horretako delituak ere %46,76 igo dira 2006arekin alderatuz gero.
Edukiak era berezi batean jorratzea eskatu du De la Vegak
Estatuko telebista-kate batean bikotekide ohiari barkamena eskatu eta harremana berriro hastea proposatu ostean, gizonak emakumea hil zuen duela egun gutxi. Gertakari horrek polemika handia sortu du gizartean eta telebistetako edukiak erregulatzeko eztabaida piztu da.
Horiek horrela, Espainiako Gobernuak bilera-sorta izango du, datorren astetik aurrera, Estatuko telebista-kate pribatuekin. Hala iragarri du Maria Teresa Fernandez de la Vegak, Ministroen Kontseiluaren ostean egin duen agerraldian.
Euskadi Irratiko azken albistegia