2007/11/14
Audientzia Nazionalak urte bateko kartzela zigorra ezarri die Realeko bi zaleturi Anoetan jokatu zen norgehiagoka batean Realaren ezkutua eta ETAren anagrama zituen bandera bat erakusteagatik. Epaileetako bat ez dago ados azken erabakiarekin, haren ustez, ETAren anagramaz gain, beste zenbait ikurrekin egindako "patchwork" bat (kolore, forma eta marrazki desberdineko oihal zatiak josita egiten den mihisea) zen egun hartan bi zaleek astindu zutena.
Joan den azaroaren 6an Ander Arabiotorre eta Jagoba Garcia epaitu zituen auzitegiak terrorismoa goraipatu izana egozten die 2006ko otsailaren 5ean Donostiako Anoeta estadioan ETAren anagrama (sugea eta aizkora) eta "Bietan Jarrai" jartzen zuen bandera bat astintzeagatik.
Dena den, ez dira auzitegiko epaile guztiak bat etorri erabakiarekin. Ramon Saez magistratuak aurkako botoa eman du eta absolbitu egin beharko lituzketela uste du. Izan ere, haren arabera "zalantzagarria" da gazte haiek ekintza terroristak edo haien kideak goraipatu nahi zituztela esatea.
Saezek arrazoitu duenez, Reala eta Mallorcaren arteko norgehiagoka hartan erakutsi zuten bandera "patchwork" bat zen, etxeko taldearen koloreak, izar gorri bat eta burezur bat agertzen zirelako ETAren ikurren ondoan, horregatik, "ikurren nahaspila" horren interpretazioa "nahasgarria edo okerra" da.
Gainera, beste zale-talde batzuei egin die erreferentzia epaileak "nazien ikurrak" erabiltzen dituztelako.
Bestalde, zaleak estadioaren hegoaldean zeudela zehaztu du Saezek eta han arreta ez zutela inoiz galdu ziurtatu du.
Bi urte baino gutxiagoko kondena izanik, aurrekari penalak ez badituzte ez dira kartzelara joango.
Euskadi Irratiko azken albistegia