2007/11/13
Madrilgo 10. Instrukzio Epaitegiko epaileak Josue E.ren kartzelatzea agindu du gaur arratsaldean, joan den igandean Madrilgo metroko Legazpi estazioan Carlos Javier Palomino 16 urteko gaztea hil zuena bera izan zelakoan.
Hala baieztatu dute iturri juridikoek eta epaileak erabaki hori hartzeko Josue E. ziega batean galdekatu duela zehaztu dute.
Iturri militarrek jakinarazi dutenez soldadua Alcala de Henareseko kartzelan sartuko dute ziurrenik, epaia eman arte behintzat. Orduan, eta epaiak kondena bat ezartzen badu, militar kargua galduko luke eta presondegi arrunt batean bete beharko luke kondena.
Carlos Javier Palomino iragan igandean hil zen Madrilgo metroan Userako etorkinei babesa emateko han eskuin-muturreko Democracia Nacional alderdiak haien aurka egitekoa zuen manifestaldia zela eta.
Hileta jendetsua
300 bat lagunek eman diote azken agurra Carlos Javier Palomino zenari Madrilgo La Almudena kanposantuan. Ukabilak goran zituztela eta Internazionala abestuz egin diote omenaldi bertaratutakoek Madrilgo metroan hil zuten 16 urteko gazteari.
Hilerri madrildarrean erraustu dute gorpua.
15 eta 23 urteko gazte asko zegoen eta txaloka eta 'Carlos, gure anaia da, guk ez zaitugu ahaztuko' oihukatuz hartu dute zerraldoa.
Errausketaren ondoren, gaztearen amonak hartu du hitza eta eskerrak eman dizkie bertan zeuden guztiei, Orduan, besoak luzatu eta ukabilak gora begira jarriz, langile mugimenduaren ereserkia den Internazionala abestu dute.
Euskadi Irratiko azken albistegia