2007/11/12
Europako Kontseiluaren txosten batek Euskal Herriaren egoera aipatzen du terrorismoarekin lotutako 'zerrenda beltzak' kritikatzeko. Zehazki, Segi kasua aipatzen du, modu arbitrarioan eta oinarri juridikorik gabe egiten direla salatzeko.
Dick Marty txostenaren egilea oso kritikoa izan da Nazio Batuen Erakundearekin eta Europar Batasunarekin, izan ere, haren arabera, 'zerrenda beltzak' egiteko metodoak zulo asko ditu eta Segi gazte taldearen kasua aipatu du oinarrizko arazoa azpimarratzeko.
Martyren esanetan, kasu horrek erakusten du zerrenda horiek egiten dituzten erakundeentzat pertsona bat edo erakunde bat zerrenda terrorista batean sartzea ez dela, berez, giza eskubideen aurkakoa. Baina Martyren iritzia oso bestelakoa da, eta bere txostenean kontrako tesia erabiltzen du behin eta berriz.
Haren ustez, ez badago juridikoki ongi oinarrituta, ez EBk eta ezta NBEk ere ez daukate inolako eskubiderik inor inolako zerrendatan sartzeko.
Txostenak dio 'zerrenda beltzak' eratzeko metodoak arbitrarioak direla eta ez dutela inolako sinesgarritasunik.
Txostena datorren urtarrilean bozkatuko da Europako Kontseiluan eta dagoeneko zeresan handia ematen ari da.
CIAko hegaldi sekretuen berri eman zuen
Dick Marty famatu egin zen duela bi urte plazaratu zuen beste txosten bati esker. Hartan, CIAk Europan egin zituen hegaldi sekretuak salatu zituen eta oso kritikoa zen, azkenekoan bezalaxe, EBrekin.
Euskadi Irratiko azken albistegia