Gizartea

MADRIL

Gazte bat hil da neonazien eta antifaxisten aurkako borroka batean

2007/11/12

16 urte zituen hildakoak. Ustezko erasotzailea atxilotu dute eta ideologia naziko gaztea da. Beste gazte bat ere larri zauritu zen. Ehunka lagunek egin dute hilketa honen aurkako protesta Madrilen eta Bartzelonan.
Lagun bat hil da Madrilen ultraeskuindarren eta antifaxisten arteko borroka batean. Argazkia:EFE

argazkia handitu

Lagun bat hil da Madrilen ultraeskuindarren eta antifaxisten arteko borroka batean. Argazkia:EFE

16 urteko gazte bat hil zen atzo Madrilen talde neonazien eta antifaxisten arteko liskarrean. Borroka Legazpi auzoko metro geltokian jazo zen, tren barruan, Madrilgo Polizia eta larrialdi zerbitzuetako buruzagitzak jakinarazi dutenez. Antza denez, ultraeskuindar batek antifaxista talde bati eraso dio labanaz eta, ondorioz, gazte bat erail du, beste bat larri zauritu eta beste zortziri zauri arinak egin dizkie. Zauritutako lagunen artean liskarrean parte hartu ez duten hainbat lagun ere badaude. Izan ere, lekukoen esanetan, erasotzailea inguruan zituen lagun guztiei oldartu zaie.

Zaurituak artatzeko Samurreko eta Babes Zibileko langileek behin behineko ospitalea antolatu zuten kalean bertan eta Poliziak inguruko kaleak itxi zituen. Madrilgo Poliziaren buruzagitza nagusitik adierazi dutenez, litekeena da gertaera arratsalderako Democracia Nacional alderdiko gazteriak immigrazioaren aurka antolatutako manifestazioarekin lotura izatea. Faxismoaren aurkako hainbat taldek kontramanifestazio bat egin behar zuten eta erasoan zauritutako lagunak bertan parte hartu behar zutela azaldu zuten gertuko iturriek.

Gobernuak Madrilen duen ordezkaritzak ultraeskuindarren martxa baimendu zuen.

Ustezko erasotzailea atxilotu egin dute

Carlos izeneko hildakoa seme bakarra zen eta amarekin eta amamarekin batera bizi zen Vallecasen. Ideologia naziko beste gazte batek egin zion eraso Userako immigranteei babesa agertzera zihoala. Barruti horretan deitua zuen Democracia Nacional alderdiak protesta.

Poliziak ustezko erasotzailea atxilotu du; Josue E. de la H. 24 urteko gazteari deklarazioa hartu diote gertakarian parte hartu duen galdetzeko, Poliziaren arabera.

Trenean gertatutako liskarrez gain, Poliziak beste lau gazte atxilotu ditu, denak ere, adingabeak, Cadizeko bidegurutzera (toki horretan bukatu behar zen manifestazioaren ibilbidea) "makilak eta harriak eskuan zituztela" eta "botilak eta molotov koktelak jaurtitzen zituztela".

Tren baten barruan hasi zen dena

Poliziaren lehen ikerketen arabera, "aurkako ideologietako" bi taldeetako kideak metroko tren baten barruan zeuden. Antza, batzuek immigrazioaren aurkako manifestazioa egin behar zuten Useran eta faxismoaren aurkako ideologiako beste talde bat ekitaldiari "boikot egiteko" elkarretaratu zen bertan.

Metro geltokiaren barruan gertatutako liskar gogor baten ondoren, gazteetako batek beste bat sastatu zuen bihotzean eta hil egin zen.

Liskar horretan 19 urteko Alejandro Jonatan larri zauritu zen torax-erdian sastada pairatuta. 12 de Octubre ospitalera eraman zuten eta Miguel Villafruela sendagilearen arabera, bere bizia ez dago arriskuan.

Hilketaren aurkako protestak

Ehunka lagunek egin dituzte hilketa honen aurkako protestak. Faxismoaren aurkako taldeetako ia 500 kidek elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Madrilen, Puerta del Solen.

Bestalde, faxismoaren aurkako taldeetako 150 kidek manifestazioa egin dute bart Bartzelonan.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta