2007/10/15
Kataluniako Gobernuaren Osasun Kontseilaritzak "zorroztasuna eta zuhurtzia" eskatu ditu Jessica Urizar Kortezubiko neskatoaren heriotzaren kasuan. Urizar Bartzelonan hil zen ostiralean, udalekuetan zegoela, eta bi medikuk ospitaleratzeko arrazoirik ez zegoela erabaki ostean. Autopsia egin diote Urizarri eta horren emaitzek argituko dute zergatik zendu zen. Dena dela, emaitzak ez dira "berehalakoan" jakinaraziko, Marina Geli Osasun kontseilariak iragarri duenez.
Gelik adierazi duenez, halakoetan garrantzitsuena "familia babestea" da, une latzak baitira. Horrez gain, espediente informatiboa zabaldu dutela iragarri du.
Autopsiaren emaitzak noiz jakinaraziko dituzten galdetuta, "lasaitasuna" galdegin du kontseilariak. Izan ere, "infekzio jatorriko gaixotasunagatik hil bazen, denbora gehiago beharko dugu".
Bestalde, Jessicaren heriotza argitzeko ikerketa zabaltzea eskatu dio Fiskaltzari Gaixoaren Defentsaren aldeko taldeak. Carmen Flores elkarteko presidenteak Radio Euskadiri azaldu dionez, diagnostikoa egitean akatsa izan zela gorabehera, ez zen erabaki zuzena izan umea anbulatoriotik erietxera eramatea.
Bien bitartean, atsekabea da nagusi Kortezubin. Nolanahi ere, Jessica Urizarrek ikasten zuen zentroak (Barrutia Herri Ikastetxea) eskolak izan ditu gaur, ohiko martxari berriz heldu nahian.
Euskadi Irratiko azken albistegia