2007/10/14
Gaur arratsaldean (18:00) egin dituzte Kortezubin ostiralean hil zen 11 urteko neskatoaren hileta-elizkizunak. Herriak eta senideek azken agurra egin diote hainbeste lagunentzako txiki geratu den elizan. Bartzelonako aterpe batean hil zen haurra, aurrez bi osasun-zentrotara joan bazen ere.
Jaioterrian ez dute ulertzen neskatoa aterpe batean hil izana. Bi medikuk artatu zuten, baina ez zioten ezer atzeman eta ez zuten ospitaleratu.
Hori dela eta, Kortezubiko Udala auzitara jotzea aztertzen ari da. "Ezin diogu inori ezer leporatu, baina ez da batere normala haur bat aterpe batean hil izana, egun osoan ondoezik zegoela esan bazuen, medikuarenera bi aldiz joan bazen eta halere ospitaleratu ere egin ez bazuten", esan du Domingo Bilbao Etxebarria alkateak.
Kataluniako Gobernuak espedientea ireki du, gertatutakoa ikertzeko. Gainera, Gaixoaren Defendatzaileak zabarkeria medikoa izan den ala ez argitzeko ikerketak abiatzeko eskatu du.
Autpsiaren atariko txostenaren arabera, badirudi neskatoa ez zela meningitisak jota hil. Bihar jakinaraziko dituzte behin betiko ondorioak.
Neskatoa ostiralean hil zen, Cabrera de Marreko (Bartzelona) aterpe batean. Arratzuko ikastolarekin joan zen hara, egun batzuk igarotzeko.
Ostegunean bi medikuk artatu zuten, baina ez zioten ezer atzeman.
Gauez, baina, txarrera egin zuen eta haren klasekideek irakasleak ohartarazi zituzten. Anbulantzia bat eskatu zuten, baina osasun-langileak aterpera heldu zirenan hilik zegoen jada. Berpizten saiatu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin.
Euskadi Irratiko azken albistegia