Gizartea

GERTAKIZUNA

Kortezubiko haur bat hil da Katalunian medikuarenera 2 aldiz joan bazen ere

2007/10/13

Hil den neskatoa (11 urtekoa) Urretzuko ikastolarekin joan zen Cabrera de Marrera, Bartzelona, egun batzuk aterpe batean igarotzeko. Medikuek ez zioten ezer atzeman, eta handik eta gutxira hil zen.
Arratzuko eskolako ikasleak egon diren aterpetxea. Argazkia: EiTB

argazkia handitu

Arratzuko eskolako ikasleak egon diren aterpetxea. Argazkia: EiTB

Kortezubiko (Bizkaia) 11 urteko neskato bat hil zen atzo Cabrera de Marren (Bartzelona), aurretik bi osasun-etxetara joan bazen ere. Medikuek ez zioten ezer atzeman.

Neskatoa Arratzuko Ikastolarekin (han ikasten zuen) joan zen Kataluniara, egun batzuk aterpe batean igarotzeko.

Ostegunean bi anbulategitara joan zen, urdailean min handia eta oka egiteko gogoak zituelako. Medikuek, baina, ez zioten ezer atzeman eta ez zuten ospitaleratu.

Gauez txarrera egin zuen, eta anbulantzia bat eskatu behar izan zuten. Osasun-langileak aterpera heldu zirenean neskatoa hilik zegoen jada.

Kasu hauetan egin ohi denez, aterpeko ume guztiei antibiotikoak eman dizkiete, badaezpada meningitisak jota hil den neskatoa. Hala ere, Generalitateko Osasun Sailak emandako informazioaren arabera, "autopsiaren atariko txostenak alde batera utzi du meningitisaren aukera, baina azken emaitzen zain egon beharko da heriotza zerk eragin duen jakiteko".

Mataroko epaitegiak ikerketa hasi du gertatutakoa argitzeko.

Klasekideek laguntza psikologikoa behar izan dute

Generalitateko Osasun eledun batek azaldu duenez, neskatoak txangoa egin zuen ostegunean Montserrateko santutegira. Arratzuko Ikastolako ikasleak Espainiako Estatuko beste hainbat ikastetxetako umeekin zeuden aterpean, Hezkuntza Ministerioak abiatutako programa batean parte hartzen ari zirelako.

Hil den neskatoaren klasekideek psikologo baten laguntza behar izan dute.

Urretzuko ikasle taldea astelehenean zen bueltatzekoa Euskal Herrira, baina atzo bertan hartu zuen etxerako bidea.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta