2007/10/05
Pernando Barrena Batasuneko bozeramaileak uste du 23 kideren atxiloketa "zigor eta mendeku operazioa" dela, hau da, negoziazio prozesuan izan zuen "koherentzia ordainarazi" nahi diotela ezker abertzaleari.
Barrenak Martuteneko kartzelaren aurrean, ezker abertzaleko hainbat kide bildu diren tokian, egin ditu adierazpen horiek. Bertan izan dira, besteak beste, Rafa Diez Usabiaga, Peio Galvez eta Jone Goirizelaia.
Barbre de Brun Sinn Feineko europarlamentaria eta Pat Rice alderdikidea Arnaldo Otegi bisitatzen izan dira gaur Martuteneko kartzelan eta bertara lagundu diete ordezkari abertzaleek.
Ezker abertzaleari "ordainarazi"
Negoziaketa prozesuan "euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea" tinkotasunez defendatu zuela ezker abertzaleak PSOEren eta EAJren aurrean esan du Pernando Barrenak eta 23 lagunen atxiloketa ekarri duen operazioa "zigorra eta mendekua" izan dela horregatik.
Hala, ezker abertzaleari "bere koherentzia ordainarazi" nahi zaiola esan du eta PSOEk "eskubide zibilak eta politikoak urratzerako garaian PP baino are basatiago izan daitekeela erakutsi nahi du " gaineratu du.
Batasuneko buruzagiarentzat, datozen hauteskunde orokorretarako bere posizioa hobetzearren hartu du PSOEk jarrera hori.
Azkenik, ezker abertzaleak iluntzerako deitu dituen mobilizazioetan parte hartuz "gaitzespen osoa" agertzeko dei egin dio euskal gizarteari, atxilotuak "bilera eskubidea gauzatzetik" zetozela gogoraraziz.
Euskadi Irratiko azken albistegia