2007/10/05
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak Batasunaren buruzagitzaren aurkako operazioaren "egokitasun politikoa" azpimarratu du eta "berari ez dagozkion interesen mesedetara" egotea egotzi dio Auzitegi Nazionalari.
Estatuko Fiskal Nagusiak esandakoa entzun ondoren kezkatuta dagoela esan du Azkarragak, eta "hipokresia politiko handi bat" dela nabarmendu: "PSOEren gobernua Batasunaren buruzagitzarekin bildu zen maiatzean eta, orain, euren aurka egiten ari dira".
Espainiako Gobernuak "kontraesan hori argitu" behar duela uste du Azkarragak, "ezin baitute eurek bete ez duten lege batean babesa hartu".
Eusko Jaurlaritzaren izenean egin dituen adierazpenetan, Auzitegi Nazionala "erakunde judizial independente bati ez dagozkion interes batzuen zerbitzuetara" ari dela esan du.
Baltasar Garzon epaileak Alderdien Legea onartu aurretik ekin zion Batasuneko kideak atxilotzea ekarri duen auziari, Azkarragaren berbetan. Horren inguruan gaineratu duenez, "Garzon epaileak jarduera politiko bat delituzko jarduera bilakatu du".
"Eusko Jaurlaritzatik jakin nahiko genuke noiz arte jarraituko duen auzi horrekin", esan du.
Nafarroako Gobernuak "positiboki" hartu ditu atxiloketak
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak "oso positibotzat" jo ditu Batasuneko Mahai Nazionaleko kideen atxiloketak, hori baita bere ustez, "askatasuna eta Zuzenbide Estatua defendatzeko bide bakarra".
"Alderdi Politikoen Legea betetzea, Batasuneko kideak dudarik gabe legez kanpoko erakunde baten kide jotzen dituen Legea betetzea, balorazio positiboa egitekoa dela iruditzen zait" esan du Sanzek.
Dena dela, Foru Exekutiboaren buruak esan du ez duela egokitasun politikoa aztertu nahi, hau da, zergatik orain bai eta lehen ez, "baldintzak aldatu ez direnean", "herritarrek egingo dute balorazio hori" gaineratu du.
Espainiako Gobernua
Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako presidenteordeak, erakundeen eta, kasu honetan, Justiziaren funtzionamenduaren baitan kokatu ditu Batasuneko 23 ordezkarien atxiloketak.
Modu horretan mintzatu da presidenteordea, Ministro Kontseilua bukatu denean emandako prentsaurrekoan. Bertan, Estatu espainiarrean Zuzenbidezko Estatuak funtzionatzen duela azpimarratu du behin eta berriz.
Fernandez de la Vega ez du Joseba Azkarragak egindako adierazpenen inguruan ezer esan. Azken honek, atxiloketen atzean, "interes politikoak" ezkutatzen direla kritikatu du eta Gobernuak, erakundeek normaltasunez funtzionatzen dutela baino esaten ez duela salatu du.
Euskadi Irratiko azken albistegia