Politika

DOKUMENTAZIOA

35/02 auziaren baitan egin dute polizia-operazioa

2007/10/05

Su-etena amaituta, berriro jarri da abian ezker abertzalearen kontrako ekimena. Arnaldo Otegiren kartzelatzea izan da lehengo pausoa.

2002. urtean emandako agindu batean oinarritu da Baltasar Garzon epailea Batasunaren aurkako operazioa abian jartzeko. Batasunaren jarduera guztiak bertan behera uztea erabaki zuen orduan, alderdi abertzaleak ETAren mesedetan jokatzen zuelakoan.

Bi bidetatik doa Batasunaren kontrako ekimena. Bata, Auzitegi Nazionaleko Garzon epaileak bultzatu du, Batasuna ETAren barnean dagoela eta haren jarduera terroristari laguntzeko sortua dela leporatuta. Horri helduta, 2002ko abuztuan, talde politiko horren jarduera guztiak bertan behera uzteko agindua eman zuen. Hurrengo egunean Diputatuen Kongresuak bigarren bidea jarri zuen abian. Batasunak Santa Polan bi heriotza eragin zituen atentatua gaitzetsi ez eta legez kanporatzea eskatu zuen Espainiako Kongresuan, Alderdien Legeari helduta.

Oraingo operazioa, Garzonek irekitako lehenengo bidean beste pauso bat da. Lehengo urratsa, 2002an Batasunaren jarduerak eten zituenean egin zuen. Egoitza guztiak ixteko agindu zuen, eta erabaki hori betearaziz, herriko tabernak itxi zituen Ertzaintzak ezker abertzalearen jarraitzaile askoren protesta artean. Horrekin batera, Batasunaren webgunea itxi eta talde gisa jarduteko debekua ezarri zuen.

Martxoaren 17an, Batasuna legez kanpo utzi zuen Auzitegi Gorenak. Ordurako, Garzonek 22 buruzagi abertzale auzipetuta zituen jada, ETAko kide izatea egotzita.

Prozesu judiziala 2005ean hasi zuten. Ordutik hona hainbat mahaikideren auziperatzea agindu du Garzonek eta 2002ko agindu hura luzatu egin du. Baina egon dira garai lasaiagoak ezker abertzalearentzat. ETAren su-etena indarrean egon denean, nolabaiteko jarduera izaten utzi diote. Adierazgarriena, 2006ko uztailean Batasuneko 3 kidek PSE-EEko buruzagiekin egindako bilera. Alderdi Popularraren inguruko taldeek bilera debekatzeko eskatu zioten Garzoni, baina epaileak baimendu egin zuen, argudiatuz, batzarraren helburua ez zela ETAren delituzko jarduera bultzatzea, geldiaraztea baizik.

Su-etena amaituta, ordea, berriro jarri da abian ezker abertzalearen kontrako ekimena. Arnaldo Otegiren kartzelatzea izan da lehengo pausoa. Ondoren, Donostian irailaren 9an izandako manifestazioa dela eta, Juan Mari Olano atxilotu zuten, eta aste honetan bertan Joseba Alvarez eta Oihana Agirre. Azken orduetako operazioarekin, beraz, Batasunaren buruzagitza ia osoa atxilotuta dago.

Ez da ordea, lehenengo aldia. Duela 10 urte Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak kartzelatu zituzten, hauteskunde kanpainan "ETAk proposatutako alternatiba demokratikoari leku egiteagatik".

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta