2007/10/05
Alderdiek politikoek ez dute luze itxaron Batasuneko Mahai Nazionalaren aurkako operazioaz mintzatzeko. Oraingoz, EAJk, Aralarrek, PSOEk eta IUk baino ez dute hitz egin.
EAJ
Iñigo Urkullu EBBko bozeramaileak esan duenez, atxiloketak "zuzenbidean" oinarrituta egotea espero dute.
Garzonek "atzera bueltarik" ez duten operazioak egiten dituela nabarmendu du, batik bat, oraingoan bezala, "horrenbeste pertsona" atxilotzen dituenean.
"Justizia bere oinarrien arabera ezartzearen alde egiten dugu, baina ikustear dago...", gaineratu du.
PSE-EE
Atxiloketen atzean ez dagoela interes politikorik esan du gaur Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak. Modu berean, bere alderdiak erabaki judizialak errespetatzen dituela adierazi du. Pastorren iritziz, atxiloketek argi uzten dute Zuzenbidezko Estatuak funtzionatzen duela eta Legea aplikatzen dela.
PP
Carmelo Barrio PPko idazkaria nagusiak, bere aldetik, atxiloketak txalotu ditu eta ANV eta EHAK alderdien ilegalizazioa eskatu du, "biak ETAren estrategiaren parte" direla argudiatuz.
EA
Begoña Errazti EAko presidenteak, Mahi Nazionaleko ordezkarien atxiloketak gaitzetsi ditu eta PSOEk "Justizia" Aznarren garaietan erabiltzen zen moduan usatzen duela salatu du, guzti honen atzean, "helburu alderdikoiak" daudela azpimarratuz.
Aralar
Aralarrek "ikaragarrikeria judizial eta politikotzat" jo du ezker abertzalearen zuzendaritzako 22 pertsona atxilotu izana, eta berretsi du "bakea lortzeko oinarriak indartu" egin behar direla.
Alderdi abertzaleak elkartasuna adierazi die atxilotutakoei eta berehala aska ditzaten exijitu du ohar batean.
Halaber, "ideien jazarpena" ez dela "demokrazia heldu batean onargarria" eta atxiloketek ez gaituztela "bakera gerturatzen" agertu du.
Aralarrek Auzitegi Nazionala eta "salbuespenezko legediak" behin betiko indargabetzeko eskatu du.
EB
Javier Madrazo EBko koordinatzailearen hitzetan, operazio honen atzean "asmo politikoak" daude. "Jose Luis Rodriguez Zapaterok ekintza poliziala errentagarri bihurtu nahi du, aurretik bake prozesua errentagarri egin nahi izan zuen moduan".
Madrildik iritsitako erreakzioak
Madrildik, Diego Lopez Garrido PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak babesa agertu dio operazioari. Haren hitzetan, "hemen egiten duenak ordaindu behar du eta bart agerian geratu da hori".
Angel Acebes PPko idazkari nagusiak ere "albiste ontzat" jo du Batasuneko 23 ordezkarien atxiloketa eta "bide hori" dela "jarraitu beharrekoa" ziurtatu du.
Gaspar Llamazares IUko koordinatzaile nagusiak errespetua agertu dio Garzonen erabakiari, baina "Batasuneko buruzagien biktimismo faltsuak saiheste aldera, oinarri juridikoa" izan behar duela azpimarratu du.
Euskadi Irratiko azken albistegia