2007/10/05
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak Batasuneko zuzendaritza osoa atxilotzeko agindu du bart.
Ondorioz, Espainiako Poliziak ezker abertzaleko 23 buruzagi edo kide atxilotu zituen Seguran eta Olaberrian (Gipuzkoa). Atxiloketa gehienak Seguran izan ziren. Segurako Kultur Etxean bilera egin zuten Batasuneko kideek eta herria uztean atxilotu zituzten. Batzuk Olaberrian utzita zituzten autoak eta bigarren herri horretako merkatalgune batean atxilotu zituzten autoen bila joan zirenean.
Atxiloketa uneak erakusten ditu ondorengo bideoak.
Askatasunak lehenik eta iturri judizialek ondoren, atxilotuen nortasunaren berri eman dute. Tartean, Batasuneko 19 mahaikide daude: Joseba Permach, Juan Joxe Petrikorena, Rufi Etxeberria, Juan Kruz Aldasoro, Ibon Arbulu, Patxi Urrutia, Jon Garai, Imanol Iparragirre, Anjel Mari Elkano eta Jean-Claude Aguerre, adibidez.
Gainera, Segurako hiru bizilagun, Xabier Albisu, Iban Berasategi eta Mikel Gotzon Berasategi eta Zeraingo Egoitz Apaolaza ere atxilotuen artean daude, Segurako alkateak berak baieztatu duenez.
Miaketak
Poliziak atxilotutakoen etxebizitzak miatu ditu gauean; azkenak, Aner Petralandarena eta Ane Lizarralderena Bizkaian eta Rufi Etxeberriarena Gipuzkoan. Gaur goizean goiz, gutxienez Joseba Permachen etxebizitza (Zarautz), Imanol Iparragirrerena (Pasaia), Mikel Zubimendirena (Azpeitia) eta Segurako hiru bizilagunen etxeak miatu dituzte.
Iturri ofizialek zehaztu dutenez, aurreko Mahai Nazionaleko kideei "berriro ere erakunde armatuko kide izatea" egotzi diete, eta 2002an Batasunaren kontrako prozesuan auzipetu ez zituztenei "erakunde armatuko kide izatea". 35/02 auziaren baitan egin dute polizia operazioa.
Gauean, Poliziak Segura osoa itxita izan du eta hango bizilagunak baino ezin izan dira sartu, kontrolean identifikatu ondoren. Atzo arratsaldean kontrol ugari egon ziren inguru hartan. Euskadi Irratiak Marixabel Telleria Segurako alkatearekin hitz egin du eta hark kontatu du gauerdian Kultur Etxeko miaketan lekuko izateko deitu ziotela. Antza denez, eskuz idatzitako oharrak zituen paper bat eraman dute bilera gelatik eta telefono zenbakiak zituen beste paper bat tabernatik.
01:30 aldera utzi du Poliziak Segura, bizilagunen "Alde Hemendik" eta "Utzi bakean" oihuen artean.
Atxilotuak
Gutxienez 12 lagun Espainiako Poliziak Donostian duen komisariara eraman dituzte. Permachen, Aldasororen, Petrikorenaren eta Etxeberriaren kasua da, besteak beste. Albiste agentziek jakitera eman dutenez, igandean eramango dituzte Auzitegi Nazionalera.
Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak Garzonek agindutako polizia operazioa dela baieztatu du eta adierazi duenez, polizia operazioa ez zen bart egitekoa, baina Seguran Batasuneko "kide asko zeudela ikustean", gauzatzea erabaki zuen Garzonek.
Ezker abertzaleak manifestazioak deitu ditu iluntzerako hainbat herritan eta ezeztatu egin du hainbat berri agentziak zabaldutako berria: bilera horren helburua Mahai Nazional "zaharrak" "berriari" erreleboa ematea zela.
Euskadi Irratiko azken albistegia